Tolosako dendetan online erosteko 'Gogoko' sortu dute

Tolosaldeko Ataria 2019ko mai. 8a, 16:21

Tolosako saltoki txikiek euren produktuak internet bidez salduko dituzte. 24-48 orduren barruan etxeraino bidaliko dute erosketa.

Tolosa&Co elkarteak bere ibilbidean egindako "apusturik garrantzitsuenetakoa" aurkeztu du gaur eguerdian Trianguloa plazan. Tolosako saltoki txikiek euren produktuak online jarri dituzte salgai, Gogoko-ren bidez. Ondorioz, webgunean, gogoko.eus, Instagram profilean eta Whatsapparen bitartez egin ahalko dira erosketak.

Gogoeta luze baten ondoren eman du saltoa erakusleiho digitalera Tolosa&Co-k, gaur azaldu dutenez. Arrazoiak bat baino gehiago izan direla aitortu dute: "Batetik, urrats berritzaile bat emateko gogoa sentitzen zen elkartean. Bestetik, gaur egungo kontsumo ohiturek saltoki fisikoetan dituzten eraginak daude".

Tolosa&Co-k saltokiei ikusgarritasuna ematen eta merkatu berrietara zabaltzen jarraitzeko modu bat bezala definitu du Gogoko. Hala eta guztiz ere, argi utzi dute ez dutela ordezkapen bat izaterik nahi: Tolosara erosketak egitera joateren ordezkapena. "Bertako saltokien irisgarritasuna hobetzeko bide bat bezala ikusten dugu", adierazi dute merkatariek.

Jone Ormazabal elkarteko kidearen esanetan, "Tolosako dendetan Online erosteko modu berri bat sortzera animatu gara. Elkartekide guztiok apustu hau banan-bana egitea konplikatua eta nekeza litzateke; baina garbi daukagunez denok elkartuta indartsuagoak garela, bide bateratu eta erraza proposatu nahi dugu: merkatariari on egingo diona, eta baita erabiltzaile edo bezeroari ere".

Nola funtzionatzen du GOGOKO-k

  1. Gogoko-ren Instagram profilean (@gogoko.eus) eta webgunean (gogoko.eus) bertako saltokien produktu berriak argitaratuko dira astero-astero. Bertan adieraziko da zein saltokietakoa den, marka eta prezioarekin batera.
  2. Erabiltzaileak Instagram edo Whatsapp bitartez Maialenekin (zalantzak argitzeko sortu duten tresna) harremanetan jartzeko aukera izango du, zalantzak helarazteko (neurriak, koloreak, produktu gehiagoren argazkiak...). Eskainiko den arreta pertsonalizatua izango da.
  3. Gustuko produktua aukeratu ondoren, ordainketa kreditu txartel bitartez egingo da; eta 24-28 ordutan, nahi duen helbidean jasoko du erabiltzaileak Gogoko-ren kaxa. Bidalketa gastuak doakoak izango dira, eta penintsula osora egingo da banaketa. Produktuak itzultzeko Gogoko-ren banaketa zerbitzua erabil ahalko da edo saltokira bertara joanda.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!