Malagan jokatuko dute igoera fasea

Imanol Garcia Landa 2019ko mai. 8a, 09:01

Tolosa CF Eskubaloiak liga irabazi du eta Malagara joango da bigarren mailarako igoera lortzear.

Tolosa CF Eskubaloiak azken partidan lortu zuen ligako txapeldunak izatea. Bere partida irabazita, Tolosak Anaitasunarekin berdindu zuen puntuetara sailkapenean eta tolosarrek bi taldeen arteko norgehiagoketan emaitza hobeagoa zutenez, txapeldun geratu ziren. Zaletuekin batera ederki ospatu zuten, baina orain beste erronka bat dute eskubaloi jokalariek: zilarrezko mailara igotzeko fasea. Maiatzaren 17, 18 eta 19an jokatuko da eta Tolosari Malagan jokatzea egokitu zaio.

Denboraldi hasieran igoera fasea jokatzea zuten helburu, Alex Nogues entrenatzaileak zehaztu duenez. «Igoera faseari begira ligan lehen edo bigarren geratzeak ez du ezberdintasunik, baina denboraldia nola joan den ikusita, eta aukerak zeudela liga irabazteko, bigarren helburu bat izatera pasa zen», azaldu du entrenatzaileak. «Denboraldi konplikatuagoa izan da aurtengoa, sailkapeneko erdialdean egon ohi diren taldeek bere joko maila hobetu dutelako, bai jokoan eta baita fisikoan ere. Batez ere partidak jokatzera kanpora joaten ginean nabaritzen genuen aldaketa hori». Astelehenean egin zen igoera faseko egoitzen enkantea eta leku bakoitzean zein taldek jokatuko duten erabaki zuten ere, zozketa bidez. Tolosak Malagan jokatuko du, eta bere aurkariak etxeko taldea, Gaes Malaga, eta Sant Quirze kataluniarra eta Ikasa Madrid madrildarra izango dira. Lehen egunean Ikasa Madrid dute aurkari, bigarrenean kataluniarren aurka jokatuko dute, eta azken egunean etxekoen kontra aritzea egokitu zaie. Gaes Malaga ligako bere multzoan bigarren geratu zen. «Oso atezain ona dute, Asobalen jokatu izan duena, eta urte askoan zilarrezko mailan aritu dena. Argentinar bat ere badute, Asobalen ere hainbat urtetan ibilitakoa. Beraz, jokalari beterano eta onak dituen taldea da».

Ikasa Madrid taldearen aurka jokatu zuten Tolosakoek, zilarrezko mailan egon zirenean. «Atzerritar bat dute, zilarrezko mailan aritu zena, eta, bestetik, etxeko jendea dute. Harrobiko jendea dute, gurearen antzekoa». Lehenak geratu dira ligako bere multzoan.

Sant Quirzekoek parte hartu zuten orain hiru urte Tolosan jokatu zen igoera fasean. «Bera zen orduan erreferentziazko taldea, igotzeko faboritoa zena, baina azkenean gu igo ginen. Urte hauetan igoera faseak jokatzen ari dira, baina ez dute lortu. Jokalari bat dute, pibote bezala aritzen dena, eta zuzendari teknikoa moduan dabilena, Asobalen jokatzen aritu zena. Bera da taldearen erreferentea. Atezaina ere Barça B taldean izan zen. Kalitatezko taldea dute, eta Katalunian egiten den jokoa beti izaten da azkarra».

Maila handiko multzoa tokatu zaiela dio Noguesek: «Ikusi behar da ea jokalari on horiek nola erantzuten duten, edo taldeko joko indartsuan oinarritzen diren taldeak, gurea bezalakoa, horrelako txapelketa batean zer erakutsi dezaketen». Igoera fasea xehetasunengatik erabakiko dela dio, bukaeran berdinketa bat baino gehiago egon baitaiteke, eta orduan jasotako eta egindako gol kopuruak ere berebiziko garrantzia izango dutela gaineratu du entrenatzaileak. «Gu lehiatzera joango gara, eta lortutako emaitzaren arabera ikusiko dugu gero ze erabaki hartzen dugun datorren denboraldiari begira», gaineratu du Noguesek.

Ligaren azken partidetan txapeldun geratzeko borrokak ehuneko ehunean aritzea eta maila hori mantentzea ahalbidetu die. «Gure joko motari eutsi diogu eta lehiakortasun maila onari eutsi. Une on batean utzi gaitu, denok parte hartuz», esan du Noguesek. «Jokalari denak txandakatu daitezke, eta nekearen edo jokalariak duen egunaren arabera, erabakitzen duzu zeinek jokatzen duen gehiago. Taldea oso ondo dago».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!