Garbialdiko langileak greban jarraitzen dute zazpi hilabete eta erdi ondoren

Ataria 2019ko maiatzaren 7a

Epaitegi eta polizia etxeetako garbitzaileek manifestazioa egin dute Tolosan. "10 urte goaz soldata igoerarik gabe; KPI-a ere ez digute igotzen".

Tolosako epaitegiaren aurrean elkartu dira Garbialdiko langileak gaur goizean. Manifestazioa egin dute herrian barrena, 7 hilabete eta erdi greban daudela salatzeko, eta horrela jarraituko dutela adierazteko. Nekane Zabala Hernaniko ertzain etxeko garbitzailea da: "Epaitegiko eta polizia etxeetako garbitzaileak greban zortzi hilabete egitera goaz. Soldata arrakalarekin bukatzea eskatzen dugu. Garbilenen kale garbitzaileekin alderatuta, %13 eta %7ko desberdintasuna daukagu. 13 polizia etxetan eta 7 epaitegitan. Azken hauek borrokaren bidez lortu dute diferentzia hori izatea. Guk azken 10 urteetan ez dugu borrokarik egin, eta horregatik daukagu %13ko diferentzia. Denbora horretan inongo soldata igoerarik ez dugu izan, KPI-a ere ez digute igo. Zapalkuntza agerikoa da eta ez horrela jarraitzea ez da posible".

Azken bileretan igoera batzuk eskaini zaizkiela azaldu du Zabalak, "baina %13tik urrun". Ez dute kolpetik igotzea proposatzen, urteetan banaturik joan daitekeela diote, baina "ez gara lanera itzuliko egoera benetan konpondu bitartean".

Bien bitartean, epaitegi eta polizia etxeetako egoera "oso larria" dela dio Nekane Zabalak: "Kanpotik ez da ikusten, baina Eusko Jaurlaritzatik ere kexaka ibili dira, egoera oso larria zelako. Greba hasi eta 5 hilabetera, garbiketa berezi bat egiteko eskatu ziguten. Egun batean polizia etxe guztia garbitu behar izan genuen. Jaurlaritzatik pertsona bat etorri zen ea ondo garbitu genuen ikustera. Egun batean ez baldin bagenuen garbitzen hurrengo egunean jarraitu beharko genuela esan zigun. Oso umiliagarria izan zen". Geroztik 3 hilabete pasa dira eta berriro lehengo egoeran daude eraikinak, dio Zabalak. Egoera larria izanagatik borrokan jarraituko dutela dio Hernaniko ertzain etxeko garbitzaileak. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!