Tolosa CF Eskubaloia, ligako txapeldun

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko mai. 5a, 13:49

Usabal Kiroldegian jokatu zuen, atzo, 1. Nazionala kategoriako taldeak, ligako azken partida. Partida osoan zehar nagusi izanda, 32-21 irabazi zuten tolosarrek, Elgoibarko Alcorta Forging Group taldearen aurka.

Igoera faserako txartela lortuta bazuten ere, liga irabazi nahi zuten talde etxeko jokalariek, zaleen aurrean.  Hurrengo urtean zilarrezko mailan jokatzeko aukera izango dute tolosarrek, eta astelehenean egingo den zozketaren ondoren jakingo dute non jokatuko duten eta zein taldeen aurka.

6 multzo daude 1. Nazionala kategorian, eta multzo bakoitzeko lehen biak sailkatzen dira igoera fasera. Bertan, 12 taldeak, 4 taldetako hiru fasetan banatzen dituzte, herri ezberdinetan. Fase bakoitzeko txapeldunak lortzen du zilarrezko mailarako igoera.

Atzoko partidari dagokionez, markagailuan elgoibartarrak aurreratu baziren ere, tolosarrak jaun eta jabe izan ziren partida osoan zehar, batez ere, defentsan egindako lan onari esker. Kontraerasoan, gainera, gol ugari sartzea lortu zuten, eta horrela zabaldu zuten lehen alde nabarmena, atsedenaldira zortzi goleko aldearekin helduz: 17-9.

Bigarren zatian ez zen ezer aldatu; tolosarrek lanean jarraitu zuten. Defentsan erdiko jokalariek eta erasoan hegalekoek egindako lana oso garrantzitsua izan zen. Iñigo Arratibel tolosarra partidako jokalari onenetakoa izan zen, era guztietako golak sartu baitzituen. Azken minutuetan, festa giroa nagusitu zen, bai harmailetan, baita kantxan ere.

Partida amaitu ondoren, etxekoen ospakizunaren txanda izan zen. Jokalarien hitzak, harrobiko taldeei omenaldia, agurra, argazkiak, etab. Atzo, Anaitasuna taldeak ere irabazi egin zuen, eta puntu kopuru berarekin amaitu dute liga, baina elkarren aurkako partidetan Tolosa hobea izan denez, eskualdeko taldearentzat izan da lehen postua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!