Luis Mendigainek merezitako omenaldia jaso du

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko maiatzaren 5a

Atzo, Berazubiko futbol zelaian jokatu zuen Gorengoen Mailako Tolosa CF taldeak, etxeko azken partida. Berezia izan zen, bederatzi urtez prestatzailea izan den Luis Mendigain tolosarrak, taldea utziko baitu denboraldi amaieran.

Oraindik denboraldia amaitzeko partida bat geratzen bada ere, zaleen aurrean atzo egin zituen azken minutuak Tolosa CF-ko entrenatzaile gisa Luis Mendigainek. Hori dela eta, urte guzti hauetan bere jokalari izan direnek eta orain taldean ari direnek omenaldi xume bat egin nahi izan zioten, Berako Gure Txokoa taldearen aurka jokatutako partida amaitu berritan.

7-1 irabazi zuen etxeko taldeak. Emaitza, ordea, gutxienekoa zen, ez zegoelako ezer jokoan; are gutxiago, bigarren zati hasieran, nafarrek maila mantenduko zutela jakin zutenean. Tolosak, bosgarren postuan amaituko du liga. Azken urteetan bezala, goiko postuetan mantendu du taldea Mendigainek eta, lehen talderako jauzia eman aurretik, harrobiko jokalariekin egindako lanagatik, merezitako omenaldia jaso zuen, atzo.

Partida amaitu ondoren, jokalari ohiek eta egungo jokalariek, alde banatan jarrita, pasillo bat egin zien. Ondoren, bere alaba Leirek agurra dantzatu zion. Momentu hunkigarria izan zen. Azkenik, jokalarien opariak etorri ziren: bere ezizena daraman polo urdina, guztiek sinatutakoa, eta oroigarri bat.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!