Pentsiodunak kalera atera dira aldarri egitera, beste behin

Tolosaldeko Ataria 2019ko mai. 4a, 13:53

Pentsio justu eta duinaren alde lelopean ehunka lagun elkartu dira Tolosan manifestazioa egiteko.

Manifestazio jendetsua egin dute, beste behin, eskualdeko pentsiodunek. Gaurko agerraldian, aldarrikapenak gogorarazteaz gain, datozen deialdien berri eman dute. Astelehenero moduan, datorren honetan Villabonan elkartuko dira, eta hurrengoa Tolosan egingo dute. Bestalde, maiatzaren 11an erronka berria jarri dute: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako hiriburuetan manifestazioak egingo dituzte, 18:0etan, "eskarien alde borrokatzeko prest" daudela azaltzeko. "Ez dago jokoan pentsiodunen etorkizuna bakarrik, jendartearen gehiengoarena dago", azaldu dute.

Aldarrikapenen zerrenda osatuta dute, eta hori lortzeko bidean jarraituko dutela azaldu du Maria Luisa Lizarza Gipuzkoako Duintasuna elkarteko kideak. Honakoa eskatzen dute: 

  • Pentsioen Sistema Publikoa blindatzea, pentsio duinak bermatzeko.
  • Urrats esanguratsuak eman Europako Gutun Sozialarekiko konpromisoak betetzeko.
  • Legez eta betirako bermatu gure urteroko eros-ahalmena KPIaren ordaina gutxienez.
  • 1080 euroko gutxieneko pentsioa ezarri. Azpimarratu nahi dugu bai Euskadiko eta baita Nafarroako gobernuek eurena egin eta osa dezatela gaurko pentsioak kantitate horretara hel daitezen.
  • Lanbide arteko gutxieneko soldata: 1.200 eurokoa. Soldata duinik gabe, ez dago pentsio duinik.
  • Prekarietatea areagotu duten lan erreformen indargabetzea eta 2011 eta 2013ko lan eta pentsio erreformen alde atzerakoak indargabetzea.
  • Jasangarritasun faktorea betiko indargabetu.
  • 40 urte kotizatutako erretiro aurreratuei zigorrik ez.
  • Gizon eta emakumeen arteko generoaren arrazoiengatik pentsioen arrakalaz bukatzeko neurri eraginkorrak.
  • Ez abantaila fiskalik pentsioen plan pribatu eta EPSV-entzat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!