Errealitate birtualak

Erabiltzailearen aurpegia Mireia Roca 2019ko mai. 5a, 07:58

Pazko astea Erroman igaro dut. Hiriak ez du parekorik. Beste inon ez bezala, Erroma hiriak bikain adierazten ditu bizi izan dituen garai oparoak, kultura ezberdinak eta gertakizun gazi-gozoak. Horregatik da, hain zuen ere, hain erakargarria: hiriaren irakurketa anitza da, norbanakoaren ikuspuntuaren arabera eta, hiria bizitzeko eta ezagutzeko modua, oso aberatsa suertatzen da.

Jendez gainezka topatu dugu hiria. Maiz, jendartean ibili garenean, bakarrik eta lasai egotearen nostalgia aldarrikatu badugu ere, guztiok toki paregabe horiez gozatzeko aukerak eskura ditugu eta, hortaz: ni bertan banago, zergatik ez dira beste guztiak ere izango?

Badaude, ia leku guztietan, bertara joan, eta nahitaez ikusi beharko liratekeen tokiak. Betidanik ezagunak diren tokiak dira. Liburuetan, gidetan, turismo bulegoetan eta sareko blogetan eta webetan nabarmenduta agertzen dira, eta, horrela, toki horiek jarraituz, ibilbide bat osatzen da. Ibilbide historiko hori, urtetan osatua, milioika pertsonak jorratu dute, eta haien beharrak asebetetzeko zerbitzuz hornitua dago: ostatu, hotel, taberna, denda… Ibilbide 'ofizial' horretan, jendearen joan-etorriak ez du etenik, eta inor gutxi ausartzen da hortik kanpora. Eta, bertan dabilen pertsona orok, Erroma bakar bat ikusi du, denek berdina, iradokitakoa, ofiziala: Erroma birtuala, bisitariei bideratua. Iruditzen zait, orokorrean, turismoaren handitzearekin batera, errealitate birtualak sustatu direla, eta erabat baztertu dela benetan erreala dena. Ia etxetik atera baino lehen, gure bidaiaren nondik norakoa erabakita dago. Norbaitek erabaki du.

Ziur nago Ibilbide 'ofizialetik' kanpora dagoena ikusteak aberasten gaituela, irakurketa berriak asma ditzakegulako, gureak soilik. Edo, gu baino ausartagoa izan den beste batek iradokitakoa ere berrinterpreta dezakegulako. Guk izan ezik, inork ez dezala erabaki nola, noiz eta zer ikusi nahi dugun. Eta, batez ere, ez dezagula pentsa, nabarmenduta azaltzen diren toki horiek direla ezagutzea eta bizitzea merezi duten bakarrak, ezta gutxiago ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!