Bueno, dagoeneko udako oporrak hortxe dauzkagu eta, zer proposamen egin genezake?
Menorca, dudarik gabe, hemen inguruan dugun irlarik politenetako bat da. Zoragarria eta xarmaz betea.
Zer esan genezake Menorca aipatzen dugunean?
Menorca, balearretan dagoen bigarren irlarik handiena da. Mao du hiriburu, eta Ciutadella bere herririk jendetsuena. Klima mediterraneoa izanik, uda parteko oporretarako irla oso aproposa da. Xarma handia duen irla da, bere kalatxoekin eta bere ur garden distiratsuekin.
Menorca irla nahiko txikia da, errepide nagusiak zeharkatzen du, bizkarrezurra izango balitz bezala, Maotik Ciutadellara bitarte eta, herrietara eta kalatxoetara joateko, berriz, errepide nagusitik joan beharko genuke, bere saihetsak izango balira bezala. Eremu desberdinak daude, alde batetik, Ciutadella ingurua, oso-oso polita; han dauden kalak zoragarriak dira. Bestalde, Mao ingurua eta Fornells herritxoa dagoen eremua ere zoragarria da eta, hondartza handixeago bat bilatu nahi izanez gero, Cala Galdana dago.
Nola joan gintezke Menorcara?
Bada, bi aukera daude. Bata hegazkinez; uda partean, gainera, Bilbotik ia egunero daude hegaldi zuzenak, eta oso erosoa da, ia ordubetean hara ailegatuko garelako, Maoko aireportura. Bestela, Ferrya har genezake, Bartzelona eta Valentzia aldetik, eta erosoa da, norbere autoarekin edo furgonetarekin joan nahi izanez gero. Hori bai, ordu dezente beharko genituzke iristeko.
Zer egin genezake Menorcan?
Menorca udako irla bat da, hortaz, udan eta hondartzetan egiten ditugun jarduerak egin genitzake. Baina, batez ere, itsasoak duen kolorearekin eta bertan murgiltzeko dauden aukerekin, aipatzekoa da snorkela eta buzeoa egitea oso gomendagarria dela. Itsaso gardenean dauden arraintxo, koral eta harkaitzak deskubritzeko aukera izango dugu. Beste aukera bat da, txalupatxo bat alokatzea eta arrantza edo buzeoa egitea; oso berezia izaten da.
Bestalde, ekainean joateko aukera izanez gero, bertan sanjoanak ospatzen dituzte, eta oso egun politak dira, Ciutadellan batez ere. Zaldiekin sekulako erakustaldiak egiten dituzte, eta bertan dagoen giroa ere oso berezia da.
Zer jan genezake Menorkan berezitasun moduan?
Menorcako arrain-gisatua bezalakorik ez dago. Ciutadellako portu inguruan dauden jatetxeetan oso ondo jaten da, baita Fornellsen ere, berezitasuna hori baitute.
Oliagua izeneko zopa antzeko bat ere oso tipikoa da, eta baita albergini beteak eta Maoko gazta ere; etxera ekartzeko modukoa azken hori.
Eta, txoko bereziren bat aipatu behar badugu...
Niri faroak asko gustatzen zaizkit, eta Menorcan Favaritxeko eta Cavalleriakoak oso politak dira, a zer nolako bistak! Bestalde, kalatxo oso-oso politak daude, batzuk uda partean beteagoak izaten diren arren. Itsaso garden horrekin ikaragarriak dira, eta han paseotxoak eman eta ilunabarrak ikustea bezalakorik ez dago. Paradisuan zaudela dirudi!
Joan eta gozatu, eta kontatu!