Ez pentsatu elefante batean

Erabiltzailearen aurpegia Jone Amonarriz 2019ko mai. 4a, 07:59

Euskal irrati bateko esatariak Baionakoak Frantziako festarik ezagunenetakoak direla esan, eta baieztapen honek programako lau esatarietatik bakar bati ere ez dio belarrian min egin; atzerriaz ariko bailiran. Euskal Telebistan dagoen —gaztelaniazko— lehiaketa bakarrean, erreferentzia espainolak etengabe. Tabernan Tele5 eta Malú. Eskoletan Cervantes, Lorca... Eta Instagrameko argazkian, kokapena jartzeko: «Tolosa, Spain».

Hauteskunde ziklo honetan, bereziki harritu nau zenbat hitz egin den, oro har, Trifatxitoaz —VOXez, batez ere— eta ze gutxi, proportzioan, Hego Euskal Herriko alderdiez. George Lakoff-en Don't Think of an Elephant liburua irakurtzen harrapatu nau, justu, kanpainak. «Ez pentsatu elefante batean» irakurri orduko, denoi datorkigu burura elefante bat. Eta, esaldia zenbat eta gehiago errepikatu, orduan eta zailagoa da elefantea burutik kentzea. Baietz?

Ba, ideia hori esparru politikora ekarrita, alderdi batek beste baten markoa aintzat hartzen duen momentutik, besteari buruz hitz egiten duen unetik, ideia hori indartzen ari da. Eta, beraz, erreferentzia bakoitza, kontra egiteko bada ere, doako bazka da aurkariarentzat. Estrategia honekin oso fin ibili da eskuin muturra kanpaina osoan zehar eta, haiek eraikitako markoa, 'onartu' egin (behar izan) dute, gainerako alderdiek.

Herritarrok ere sare horretan harrapatuta egon gara hilabeteotan. Kontzienteki edo jabetu gabe, modu batera edo bestera, han eta hemen, haiei buruz hizketan aritu gara. Espainiako hedabide nagusiak, herri honen —hegoaldeko— biztanleriaren gehiengoak kontsumitzen dituenak, Trifatxitoaren estrategia horren konplize eta sustatzaile izan dira, eta bertako hedabide askok haien bidea jarraitu (behar izan) dute.

Hala eta guztiz ere, sistemaren inertziak gainditzea lortu dugu. Ikusteko dago zer datorren, baina, parte hartze historikoa izateaz gain, eta eskuin muturraren mehatxuen aurrean erantzun argia ematearekin batera, Hego Euskal Herriko —eta Kataluniako— markoa indartuta atera da joan den igandeko hauteskundeetan. Beraz, bi gauza, gutxienez, argi geratu dira. Batetik, oztopo eta mehatxuen aurrean ere, herri gisa erantzuteko gai garela. Eta, bestetik, ezberdinak garela; bere marko propioa lehenesten duela euskal gizarteak. Marko hori indartzeko momentu ezin hobea da; kulturatik, hezkuntzatik, hedabideetatik, internetetik, erakunde publikoetatik, herritik... Giltza horrek ate berri asko zabalduko dizkigu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!