Tolosako boluntarioek jasoko dute 2019ko Urrezko Almadia

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko mai. 2a, 19:57

Urtero Burgin ospatzen den almadiaren egunean banatzen diote saria norbanako edo talde bati, herrian nahiz bailaran urte luzez egindako lana eskertzeko. Azken urteetan, tolosarren presentzia “laguntza handikoa” delako aipamen berezia jasoko du, larunbat honetan, kuadrilla honek.

Pirinioetatik egurra hartu, eta Eska ibaitik garraiatzen zuten. Beste garai batzuk ziren, baina Erronkari bailarako herritarrek ederki asko oroitzen dute orduko ofizioa. Esako urtegia sortzearekin batera, ordea, betirako amaitu zen lan hori. Orain, maiatzeko lehen larunbata heltzearekin batera, orduko garaiak eta tradizioa gogoratzen dituzte. Omenaldi txiki bat egiten dute, arbasoen lana eta ofizioa gogora ekartzeko.

Egun osoko festa izango da larunbatean Burgin. Goizean hasiko dira, ibaian egiten den almadiaren jaitsierarekin. Merkatu tradizionalak eta musikariek bertako txokoak alaituko dituzte. Frontoian, herri bazkaria egin ostean banatuko dute saria, eta ondoren, musika izango da, arratsalde osoan, eta gauerdira bitarte.

Aurtengo Urrezko Almadiaren banaketa, “oso berezia” izango dela adierazi dute Elizpe Elkarteko kideek. Urtero, geroz eta herritar gehiagoren presentziarekin bertaratzen den Tolosako kuadrillak jasoko baitu saria, baita Serafin Zubiri abeslariak ere. “Hamarkada luzez, Burgiko almadiaren baitan aurrera eraman diren ekitaldi asko ez lirateke posible izango Tolosako herritarren laguntza eta ordaindu gabeko kolaborazioagatik”.

Horietako asko, duela 28 urte Burgin sortu zen Elizpe Elkarteko bazkideak dira, nahiz eta tolosarren parte-hartzea herriko nahiz eskualdeko bizitzaz haratago doan. “Tolosako bolondres taldea izkutuko lanean aritzen da gehienbat, guztia behar bezala joan dadin. Aparkalekuen antolatzen dute, Almadiako krosean epaile lanak egiten dituzte, musikarien kalejirak ere prestatzen dituzte... Edozertarako aurkezten dute euren burua, eta jakitun gara, edozein ezbeharren aurrean beti egongo dela tolosarren bat laguntzeko prest”.

Saria, Erronkari bailara maite duten tolosar guztiei eskainia dagoela diote. Hala ere, memoriari eraginez, herritar askoren artean, Joselu Andueza oroituko dute. “Burgiko eta Nafarroako Pirinioetako jardueretan gehien inplikatu zen pertsonetako bat izan zen”. Elkartetik, bertako bazkide den Dani Telleria tolosarraren izena ere goraipatu nahi dute. Bai Joseluk, baita Danik ere, elkarrekin ekin zioten bailaran gauzatzen den lan guztiari, eta orain tolosako gazte kuadrilla zabala da horri jarraipena ematen ari zaiona.

Bihar, Elizpe Elkarteko bazkidea den Inma Andueza, Joseluren familiako kidea, jaitsiko da almadian, Tolosako herritarren talde osoaren izenean. Aipatzekoa da, iaz, lehen aldiz bi emakumezkok hartu zutela parte almadiazain modura.

EGUTEGIA

10:30-14:00. Almadiaren museoaren irekiera.

10:30. Produktu eta elikagai artisauez osatutako merkatu tradizionalaren irekiera, P. Tomas de Burgui plazan.

10:30. Musika taldeen kalejirak: Alto Barrio Band txaranga eta Arroitu Indarra fanfarrea.

11:00. Almadien irteera.

11:30. Erdi Aroko zubi inguruan, garbitzaileen antzezpena eta dantza tradizionalak.

12:30. Almadien iritsiera Burgira.

13:30. 2019ko Erronkariko Gaztaren kanpainaren aurkezpen ofiziala, Serafin Zubiri abeslariaren eskutik, P. Tomas de Burgui plazan. Berak egingo du lehen mozketa.

15:00. Herri bazkaria, Barkainea pilotalekuan.

Ondoren. Omenaldia eta Urrezko Almadiaren banaketa. Erronkari Jatorri-Deituraren onarpena.

18:30-20.00. Los Tenampas taldearen kontzertua.

20:00-04:00. Erromeria, Trikidantz taldearekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!