Emakumeen Etxea abian jarriko dute

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko mai. 1a, 19:57
Emakumeen Etxearen parte hartzeko prozesuko irudia

Apustu etxeen lizentzien muga eta Udateko ordenantza erregulatzailea ere aho batez onartu zituen udalak.

Bestelako ezustekorik gabe eraman zen aurrera, Tolosako Udaleko apirileko osoko bilkura. Lehenik, aho batez onartu zen Tolosaldeko Emakumeen Etxea proiektua gauzatzeko Asanblada Feministak aurkeztutako mozioa. Horrela, udalak, emakumeentzako erreferente den gunea eraikitzeari bidea ireki, eta politika feministen ideiak bultzatzeko konpromisoa hartu du.

Ikasteko, eztabaidatzeko eta herriko parte hartze sozio-politikoaren prozesua abiarazteko gunea izango da. Norbanako nahiz taldeen kezkak eta pentsamenduak bilduko ditu, indarkeria matxista, aborto eskubidea edota autodefentsa gaietatik abiatuz. Horrez gain, aholkularitza juridikoa eta psikologikoa, eta liburutegia ere izango ditu. Lekua erabakitzeko dago, baina ziurrenik Emakumeen plazako eraikin berrituan izango da.

Bi fasetan gauzatu da eskualde osoa hartzen duen proiektua. Batetik, helburuak eta ezaugarriak zehaztu ziren, eta gero, etxearen zerbitzuak eta erabilera finkatu ziren. Udaleko ordezkariek, parte hartu duten eskualdeko 104 emakumeen konpromisoa eskertu zuten, batez ere, Elhuyar-eko langileena.

APUSTU ETXEAK LEKUALDATZEA

Bestetik, Elkarrekin Podemos alderdiak, apustu etxeen inguruko mozioa aurkeztu zuen, hauek kultur eta hezkuntza zentroen ingurutik lekualdatzeko eskatuz. Udaleko ordezkariek, baina, mozio hura moldatu, eta berri bat onartu zuten, aho batez.

Lekuz aldatzeaz gain, kirol apustuen publizitate kopurua murrizteko eta udaltzaingoak arautegia kontrolatzeko konpromisoa hartu zen. Inaki Irazabalbeitia EH Bilduko kideak, kezkati azaldu zen ludopatia kasuen inguruan, «gazteengan, geroz eta eragin handiagoa duelako».

UDATE ETA MUSIKA ESKOLA

Udalak, 2018ko abenduan Udate Herritarren Arreta Zerbitzua arautzen duen behin-behineko ordenantza onartu zuen. Azken osoko bilkuran, behin-betikoz onartu zen. Egun, eraberritze lanetan jarraitzen dute bertan, herritarren eta administrarien arteko harremana hobetuko baitu, udal jarduera gehienak herriko puntu bakarrean egin ahal izateko. Bestetik, bertako langileen lanpostuen behin-behineko balorazioa onartu behar zuen udalak. Hala ere, maiatzeko bilkuran landuko dute.

Eduardo Mocoroa Udal Musika Eskolako irakasleen hiru urteko lan hitzarmena barne hartzea ere erabaki zen. Musika eskolan kontratatuak izateko baldintza berak bete behar dituzten langileek, zeregin berdinak betetzen dituztenek, eta udaleko lanpostuen zerrendako lanpostu berdinak betetzen dituztenek, araubide ezberdinak zituzten lehen. Orain, berdindu egin dira, lan baldintzak homogeneizatuz eta antzinatasuna eguneratuz.

Erabaki hori hartu aurreko kudeaketa, ordea, «desegokia» izan zela adierazi zuen Lore Agirre EH Bilduko zinegotziak, oposizioaren izenean. «Batzordera deitzeko eta hura antolatzeko moduengatik kezkatuta gaude. Erabakiak, azken orduan hartu dira». Alkateak, «lanean aritzeko beste biderik ez zela» erantzun zion, aldi berean, akatsa onartuz.

Galderen eta eskaeren txandan, Kristina Pelaez EH Bilduko kideak, Ficobako azokak iragartzen zituzten kartelak herriko zenbait gunetan jartzearen inguruko kezka azaldu zuen, «bertako komertzioei eragiten zietelako». Nerea Letamendia azoketako zinegotziak, egoeraz jabetuta, kartelak jarri zituen enpresari espediente bat zabaldu zitzaiola adierazi zuen. Horrez gain, beste behin ere, Asuncion Klinikaren inguruko kexak izan ziren, kalitateagatik eta baldintzengatik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!