Adimen desgaitasuna duten pertsonak hobeto ezagutzeko

Ataria 2019ko maiatzaren 1a

Atzegi elkarteak erakusketa bat jarriko du Tolosan, bihartik hilaren 7ra bitarte; Ibarrako Garaguneko erabiltzaileen argazkiak ikusi ahal izango dira, besteak beste.

Adimen desgaitasuna duten pertsonen aldeko Atzegi elkarteak erakusketa bat jarriko du bihartik hilaren 7ra bitarte, Tolosako kultur etxean. Erakusketaren helburua herritarrei adimen desgaitasuna duten pertsonak hobeto ezagutzeko aukera ematea dela esan du elkarteak.

LAU ZATI

Aipatu dutenez, lau zatitan banatu dute erakusketa. Batetik, Atzegik bere ibilbide luzean zehar eginiko kartelak bilduko dituzte, «elkartearen historia eta gizartearen eraldaketa» ikusi ahal izateko.

Bestetik, Jon Andoni Martin argazkilari eta artista azkoitiarraren Begirada Garbiak lana ikusi ahal izango da. Era berean, hainbat argazki eta lan jarriko dituzte aisialdi taldeekin batera jorratzen duten Txolarte programara gerturatu ahal izateko.

Azkenik, Ibarrako Goienetxe fundazioaren Garaguneko erabiltzaileen argazkiak jarriko dituzte, horiek hobeto ezagutzeko aukera emanaz.

Erakusketa maiatzaren 2tik 7ra ikusi ahal izango da Tolosako kultur etxean, 17:30etik 19:30era astean zehar, eta 12:00etatik 14:00etara asteburuan.

Atzegi adimen urriko pertsonen aldeko Gipuzkoako elkartea da eta familia talde batek sortu zuen adimen urritasuna duten pertsonen eskubideen alde egiteko. Elkartetik azaldu dutenez, pertsona horien eta haien familien bizi kalitatea hobetzeko egiten dute lan, eta saiatzen dira haien gizarteratzea erraztuko duen ingurune egoki eta lagunkoi bat sortzen, eta Gipuzkoan inklusiboagoa, bidezkoagoa eta solidarioagoa izango den gizarte bat eraikitzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!