Lorpen «historikoa»

Tolosa CF Euskal Ligako taldeak bigarren mailara igotzea lortu zuen igandean, Berazubin Zarautzen aurka jokatutako partida irabazi ondoren. Izaro Goenaga kapitainak emozioz gogoratzen du unea:

«Izugarrizkoa izan zen. Berazubin jokatzeko aukera izatea, horrelako afizioa ikustea, harmailak beteta... Bagenekien egun historikoa izan zitekeela, amets bat egi bihurtzeko aukera genuela, eta lortu genuen. Zelaian bizitakoa izugarrizkoa izan zen».

Lorpen «historikoak» klubean eragin handia duela gaineratu du Goenagak: «Igoera hau lortzea oso berezia da Tolosa CF-n futbolean aritzen diren neska guztiontzat. Futbolari gazteentzat gu erreferentzia bat gara, igoera historiko hori lortu dugunak, eta gu bezala bizitu zuten harmailetan».

Partida 5-0 irabazi zuen Tolosa CFk, baina lehen zatia golik gabe bukatu zen. «Zarautzek ez zuen ezer jokoan, baina bagenekien borrokatzera etorriko zirela. Hasieran bagenekien kostatuko zitzaigula partidan sartzea: Berazubin jokatzen genuen, jende asko zegoen harmailetan, giro berezia...», esan du Imanol Cabero entrenatzaileak. «Lehen zatiaren bukaeran gehiago gerturatzen hasi ginen beraien atera, eta bigarren zatian lehenengo gola sartu genuenean, taldeak presioa kendu zuen gainetik eta hortik aurrera lasaiago ibili eta beste gol guztiak etorri ziren».

Horrelako partidetan burua izaten dela gehien eragiten duena gaineratu du Caberok: «Ez bagenuen ezer jokoan, lasaiago egongo ginen. Horregatik, lehenengo gola sartu ondoren, lasaitu ginen eta beste guztiak etorri ziren».

Goenagak sartu zuen lehen gol hori. «Hasieran urduritasuna izatea normala zen, baina bagenekien denboraldia zehar erakutsi duguna eginez gero, azkenean lortuko genuela», esan du kapitainak. «Beraiek hasieratik dena ematera atera ziren eta guk aukerak izan arren ez ziren golak sartzen. Bigarren zatian, lehen gola sartzerakoan ikusi genuen gertuago genuela gure ametsa, eta lortu genuen. Gola sartu nuenean, pozik jarri nintzen batez ere taldearengatik. Asko hunkitu nintzen taldekideak etorri zirenean zoriontzera eta harmailak txaloka jarri zirenean».

«DENON LANAREN FRUITUA»

Denboraldi hasieran ez dela jakiten nola joango den txapelketa azaldu du Caberok: «Aste asko dira, egoera asko pasa behar dira, eta ez dakizu nola egongo zaren. Taldea, egia esan, hasieratik oso ondo egon da. Lehen itzulian izan genituen hiruzpalau partida berdindu eta tartean bat galdu genuela, eta zalantzaren bat sortu zen. Baina, oso ondo altxatu zen taldea, eta hortik aurrera, nahiz eta momentu zailak egon diren, oso estua egon baita igoera lortzeko sailkapena, neskak oso ondo egon dira, lasai egon gara, emaitzak etorri dira eta azken aurreko jardunaldian igoera lortzea ez genuen espero. Pentsatzen genuen azken jardunaldira arte egon beharko genuela lehian. Beraz, Berazubin igoera lortzea oso berezia izan da».

Denboraldian zehar ez dute asko hitz egin igoeraz. «Lehen itzulian aurreko denboraldia hobetzea zen helburua, eta gero, bigarren itzulian, lehen itzulikoa hobetzea», esan du Caberok. «Bagenekien hori egiten bagenuen sailkapenean aurreneko postuetan egongo ginela. Igoera lortu dugu eta oraindik pixka bat sinesten ari gara lortutakoa».

Emakumezkoen futbolak datorren denboraldira begira aldaketak izango dituela aurreikusten da. Beste maila bat sortzekotan dira, egungo lehen maila eta bigarren maila artean kokatuko luketena. Oraindik ez dago informazio zehatzik nola izango den prozesu hori, beraz, Tolosakoek ez dakite datorren denboraldian zein izango dituzten aurkari. Urrutiena Zaragozara eta Errioxara joatea tokatuko litzaieke, egungo bigarren mailan egokituko litzaiekeen multzoari begiratuz gero.

«Egun 150 neska daude Tolosa CFko maila guztietan. Harrobia indartsu dator, eta talde nagusia bigarren mailan izatea denon lanaren fruitua da», esan du Imanol Caberok.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

BATAK BESTEA DAKAR


EGIN ATARIKIDE!