Tolosa CF Bigarren Mailara igo da, Zarautzi 5-0 irabazita

Irati Urdalleta 2019ko apirilaren 28a

Tolosa CF-eko lehen taldeko emakumeek Euskal Ligatik Bigarren Mailara igotzea lortu dute. Berazubiko harmailak zalez bete dira eta behin partida amaituta, festa giroa nagusitu da.

Golak, poza eta festa. Horiek izan dira nagusi Berazubin Tolosa CF-en eta Zarautzen artean jokatu duten partidan. Harmailak zalez bete dira eta lortu dute helburua: Bigarren Mailara igo dira. Jardunaldi baten faltan, lau puntu atera dizkiote bigarren sailkatuta dagoen Arratiari, eta Euskal Ligako txapeldunak izango dira. Behin helburua lortuta, ospakizunak eta festa giroa nagusitu dira. Zaleek klubak egindako eskariari erantzun diote eta Berazubiko harmailak bete dituzte.

Partida hasi den momentutik izan da nagusi Tolosa CF. Aukerak izan badituzte ere, lehen zatian ez dute golik sartu eta 0-0 emaitzarekin joan dira aldageletara. Bigarren zatian, indartsu sartu dira zelaira Tolosa CF-eko emakumeak eta golak bata bestearen atzetik etorri dira. Izaro Goenagak sartu du lehenengoa eta Ainhoa Bengoetxeak 2 eta 0ekoa egin du handik gutxira. Eider Tejeriak sartu du partida erabakita utzi duen hirugarren gola. Izaro Goenagak eta Maddi Garikanok egindako gol banaren ondoren, festan murgildu dira Tolosa CF-eko lehen taldeko emakumeak eta harmailetan bildu diren zaleak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!