Tolosaldea Arraun Klubeko (TAK) jubenil mailako neskek Espainiako Txapelketa irabazi berri dute bateletan. «Bi astez pentsatuz Espainiako Txapelketan paper txukun bat egin genezakeela, eta entrenamendu on horien emaitzak ikusi dira», esan du Gorka Toledo entrenatzaileak. Gipuzkoako Liga eta Espainiako Txapelketa lortu dituzte neska jubenilek aurtengo denboraldian. «Proiektu honekin hasi ginenean, ez genuen pentsatzen horrelako emaitzak lortuko genituenik. Gehienbat jakinik TAKek oraindik irabazirik gabe zuela Espainiako Txapelketa, eta aurten lehen aldiz lortu dugu. Beraz, ikustea bi bandera lortu ditugula denboraldian izugarria da».
Espainiako Txapelketan, larunbateko sailkatze estropadan beraien txanda nahiko erraz menperatu zuten, eta orokorrean denbora onena egin zuten. Igandean, finala «oso estua» joan zen. Aurkariak Orio eta Galiziako hiru batel ziren. Ontzi guztiak nahiko parean abiatu ziren eta lehen ziabogara antzeko denborak eginez iritsi ziren. Bigarren ziabogatik aurrera Vilaxoan, Orio eta TAKen arteko lehia bihurtu zen. Azken ziabogara TAKekoak iritsi ziren lehen, bi segundoko abantaila atereaz Vilaxoan eta Orio batelei. «Azkeneko luzean Orio pixka bat atzean geratu bazen, Vilaxoan ikusten genuen sartu eta sartu ari zela, eta azkenean apenas segundo bateko aldearekin lortu genuen irabaztea», esan du Toledok.
TAKeko beste batel batzuk ere izan ziren lehian Espainiako Txapelketan. «Kadete mutilek izugarrizko estropada egin zuten larunbatean eta A finalerako sailkatzea lortu zuten, eta hor bosgarren postua lortu zuten, izugarrizko denboraldiari amaiera emanez», azaldu du Toledok. Infantil mutilak eta neskak ere izan ziren lehian, eta hauek ez zuten lortu A finalerako sailkatzea, eta B finalean bigarren postua egitea lortu zuten. «Orokorrean oso gustura gaude lortutako emaitzekin», esan du Toledok. «TAK bezalako klub batentzat Espainiako Txapelketan A finalera sartzea izugarrizko lorpena da, eta gure bi ontziek lortu zuten hori eta gainera bandera bat irabazi genuen».
Espainiako Txapelketarekin bukatu da batel denboraldia. Aurki traineruena hasiko da, eta bateletan aritu diren neska jubenil arraunlariak traineruan ere parte hartuko dute. «Gu harrobiko klub bat gara, eta etxeko jendearekin aritzen gara. Aurten jubenilek erakutsi duten maila ikusita, traineruan ariko dira. Beraientzako esperientzia polita izango da traineruarekin lehiatzea», gaineratu du Toledok.