Bi pertsona atxilotu dituzte bi anaiari erasotzea eta lapurtzea egotzita

Ataria 2019ko apirilaren 27a

Ertzaintzak atzo gauean atxilotu zituen Tolosan 20 eta 22 urteko bi gazte, indarkeria erabiliz egindako lapurreta leporatuta. Ertzaintzak azaldu duenez, “pertsona bati bere mugikorra kentzen saiatu ziren, eta horri zein bere anaiari kolpeak eman zizkioten. Biek zauriak izan zituzten eta anaietako bat Asuncion klinikara eraman zuten”.

Atzo gaueko hamarrak ondoren Ertzaintzak abisua jaso zuen Tolosako Plaza Zaharrean borroka bat izaten ari zela. Ertzainak bertaratu zirenean, bi anaiek “indarkeria bidezko lapurreta” jasan zutela ikusi zuten. Bi anaiek Ertzaintzari azaldu ziotenez, beraietako bati atzetik kolpatu zioten buruan, eta praken atzealdeko poltsikoan zuen mugikorra kentzen saiatu ziren. Ondoren, Ertzaintzaren oharrak zehazten duenez, bi edo hiru pertsona erasotzen hasi zitzaien anaiei, eta bietako bat lurrera bota eta bertan ere kolpatzen jarraitu zuten. Azken hau Asuncion klinikara eraman behar izan zuten belaunean eta aldakan zituen lesioengatik.

Plaza Zaharrean bertan Ertzaintzak “erasotzaileetako bat” atxilotu zuen, “eta beste bat bizikletan saiatu zen alde egiten”. Inguruan harrapatu zuten ertzainek, eta hauetako bati aurpegian jo zion buruarekin, oharrak dioenez. Atxilotua izan zen hori ere, eta atentatu delitua ere leporatu diote. Horrez gain, bizikleta konfiskatu zioten, eta Ertzaintza ikertzen ari da berea den edo lapurtua izan den.

Bi atxilotuek aurrekari polizialak dituztela azaldu dute Ertzaintzatik. Gaur goizean epaitegira eraman dituzte biak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!