Inprimategi bateko altxorrak

Irati Saizar Artola 2019ko api. 26a, 19:58

Hamalau urte zituela hasi zen inprimategi batean lanean Iñaki Sagredo, eta 1974. urtean, berea ireki zuen etxe ondoan, Ibarran. Erretiroa hartuta, garai bateko makinak jendeari erakusten dabil.

Ondo baino hobeto daki nolakoa den inprimategi bateko martxa Iñaki Sagredok. Hamalau urte zituela hasi zen inprimategi batean lanean, eta lanbidea behar bezala ikasi zuenean erabaki zuen etxe azpian berea propioa irekitzea. 1974. urte aldera ireki zituen ateak Tolosako Apaiz-Erreka auzoko 45. zenbakian Sagredo inprimategiak, eta makinak martxan izan dira duela bi urtera arte, Sagredok erretiroa hartu duen arte. «Lan asko, izugarri egin dugu urte guzti hauetan», dio.

Ateak itxi dituzte, baina, lanari soilik itxi dizkiote. Egun, ikusgai jarri ditu garai bateko makina zaharrak: «Jendeak ikustea nahi dut garai batean nola lan egiten zen. Makina zaharrak gorde egin nahi izan ditut, eta, orain, desmuntatu, garbitu eta berriro muntatzen ari naiz, jendeari erakutsi ahal izateko», azaldu du Sagredok.

Mota guztietako lanak egin izan dituzte inprimategian, baina, gehienbat, kartelak egiten zituzten, eta baita gutun-azalak ere. «Gutun-azalekin ere lan asko egin dugu; iritsi izan gara egunean 300.000 gutun azal inprimatzera», gogoratu du.

«Jendeak ez daki garai batean kartel bat hizkiz hizki prestatu behar izaten zela, ondoren inprimatu ahal izateko». Ehun urte baino gehiago dituzten letrak ditu gordeta egurrezko armairu handietan. 240 letra tipo inguru ditu jasoak, eta bakoitzetik tamaina ezberdinetako hizkiak; letra larriak, xeheak, lodiak edota etzanak, denetarik. Horien artean, egurrezkoak ditu gutxi batzuk, eta metalezkoak dira gainerakoak. «Letrak handiak baziren, eta gainera metalezkoak, moldea osatzean pisu handia hartzen zuen, beraz, batzuetan, egurrezkoak erabiltzen genituen».

Behin letra tipoa eta tamaina aukeratuta, konposatzeko tresna batean jartzen dira, hizkiz hizki, esaldiak osatuz. «Ez da lan erraza konposatzearena, zeren, hizkiak alderantziz irakurri behar izaten dira, ispilu moduan inprimatzen baita gero». Esaldi batetik besterako hutsuneak metalezko xaflez betetzen zituzten, eta molde bat osatzen zuten, inprimatu behar zen orriaren neurrikoa. «Marko moduko batean, ondo-ondo estutu behar izaten zen ertzetatik, tartean zeuden letrek ihes egin ez zezaten», azaldu du Sagredok.

Konposatutako moldeak akatsik bazuen edo ez jakiteko, kopia bat egiten zuten lehendabizi, eta ondo zegoela ikusitakoan hasten ziren kopuru handiagoetan inprimatzen.

Behin moldea makinan jarrita, tintak letrak bustitzen ditu, eta banan bana jarri eta kendu behar izaten dira orriak, eskuz, mugimenduan dabilen erretilu batetik, tintaz busti daitezen. «Horrelaxe pasatzen genituen eguneko zortzi orduak».

Moldeak inprimatu ondoren, desmuntatu egin behar izaten ziren, eta hizki bakoitza bere lekuan kokatu. «Pasa izan zaigu, faktura batzuk inprimatu, moldeak desmuntatu, eta aste batzuetara berriro bezeroa etortzea, faktura berdinaren kopia gehiago behar dituela esanaz, ez zegoen berriz muntaketa egitea besterik».

Bitxikeria mordoa ditu kontatzeko Sagredok. 18 urte zituela liburu bat inprimatu zuen, 150 orri zituena. Guztia eskuz egin zuen, orriz orri: «Zortzi hilabete pasa nituen liburua inprimatzen». Lehenik, orrialde bat muntatzen zuen, 200 orrialde inprimatzen zituen gero, eta berriro guztia desmuntatzen zuen hurrengo orriarekin hasteko. «Oso lan gogorra zen; ez genuen inorekin hitz egiten, muntaketan kontzentratzeko isiltasuna beharrezkoa baitzen».

Etengabe berritzen

Bere begiekin ikusi ahal izan du Sagredok urte gutxian inprimategiek izan duten aldaketa: «Eskuz inprimatzetik makinek bakar-bakarrik inprimatzera denbora oso motzean pasa gara». Garai batean, baliabideak tarteko, «oso mugatuta» egiten zutela lan aitortu du. Guztia eskuz egitetik, makinak berak orriak hartu eta uztea, aurrerapauso handitzat du Sagredok: «70eko hamarkadan erosi genuen makina hori; garai hartan izugarri balio zuen, etxebizitza batek balio zezakeena ordaindu genuen».

Makina horietatik, fotolitoekin lan egitera pasa ziren. Kolore bat baino gehiagotan momentu berean lan egiteko aukera eskaintzen zuten makina horiek. Izan ere, hasierako makinek tinta bakarra erabiltzen zuten, eta bigarren kolore bat sartu nahi izanez gero, tinta zegoen eremua garbitu, eta tinta berria jarri behar izaten zen.

Baliabideez harago, Francoren garaiko zentsura ez du oraindik ahaztu Sagredok. Inprentetan egiten ziren lan asko zentsuratzen zituzten: «Kartel bat egin behar genuenetan, molde batetik sei kopia egin eta Donostiara joan behar izaten genuen. Inprimatzen jarraitu ahal izateko, zigilu bat jarri behar izaten ziguten; horixe agintzen zuen garai hartako prentsa eta inprimategien inguruko legeak».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!