HARAGI festak hartuko du Tolosa

Irati Urdalleta 2019ko api. 26a, 14:00

Maiatzaren 9tik 12ra, Tolosan eta Basque Culinary Centerren izango da HARAGI topaketa; bertako nahiz mundu osoko jakiak dastatzeko aukera izango da.

Haragia euskal sukaldaritzaren tradizioan garrantzi handia duen osagaia da, eta horren erakusgarri izango da, Tolosan eta Basque Culinary Centerren, maiatzaren 9tik 12ra egingo duten HARAGI Txingarraren eta Haragiaren Nazioarteko II. topaketa. Parrilan erretako bertako txuletaz gain, mundu osoko hainbat jaki dastatzeko aukera ere egongo da.

Maiatzaren 9an hasiko da HARAGI, Basque Culinary Centerreko areto nagusian egingo duten profesionalentzako kongresu batekin. Hainbat adituk ezagutzak, teknikak eta haragiaren eta parrilaren inguruko joeren nondik-norakoak partekatuko dituzte bertan. Tolosan ere, egun horretan bertan emango diote hasiera HARAGIri, lau erretegietan Botarri, Burruntzi, Casa Nicolas eta Casa Julian egingo duten afari ibiltari baten bidez.

Ostiralean ere izango da haragiaz gozatzeko aukera. Arratsaldean, elkarte gastronomikoentzako formazio bat egingo dute. Gauean, berriz, Amasako HIKA txakolindegian, su gainean egindako euskal errezeta tradizionalak dastatuuko dituzte. Bertan, Jon Ayala, Gregorio Tolosa, Joseba Odriozola, Pili Manterola eta Roberto Ruiz sukaldariek euskal errezeta bana prestatuko dute parrilan, eta Josema Azpeitia izango da saio horren gidaria.

Maiatzaren 11n eta 12an festak kalera egingo du jauzi, eta Tolosako Eukal Herria plaza izango da, HARAGI festaren eszenatoki nagusia. Bertan, zuzeneko erakustaldiak eta dastatzeak izango dira, Euskal Herriko parrileroen eta nazioartetik bertaratutako sukaldarien eskutik. Erabiltzen dituzten teknikak gertutik ezagutzeko eta inguruan ohikoak ez diren jakiak dastatzeko aukera ere izango da. Izan ere, Euskal Herriko sukaldariez gain, Txiletik, Brasildik, Turkiatik edo Madrildik bertaratutako sukaldariak ere izango dira Tolosan.

Larunbatean, hain zuzen ere, Diego Perez Sosa uruguaitarrak txerrikume adobatu errea prestatuko du. Txomin Parrillak, berriz, behia erreko du, Tolosan estreinatuko duen teknikarekin. Gauean, saltxitxak eta txuletekin egindako hanburgesa eta txistorra egongo dira eskuragarri, eta Yilmaz O?ztu?rk turkiarrak arkumearekin egindako bi jaki prestatuko ditu: Cag Kebap-a eta Kokorec-a.

Igandean, txiletarren txanda izango da, eta Carolina Carrielek eta Isidora Diazek arkumea makil erara, bizigarri txiletarrarekin kozinatuko dute. Festa amaitzeko, Zerkausian jarriko duten jangelan, txuleta menu tradizionala dastatzeko aukera egongo da. Txuletaz gain, bertako beste hainbat produktu ere eskainiko dituzte, hala nola, Nafarroako zainzuriak, pikillo piperrak edo Tolosako gozo tradizionalak. Herriko lau parrilerok eta nazioartekoek izango dute janaria prestatzeko ardura.

HARAGIren bigarren ekitaldiko berrikuntzetako bat SUA espazioa izango da. Hogei pertsonako taldeek Tolosako erretegietako txuleta ezagutu eta dastatzeko aukera izango dute. Erretegietako parrileroen eskutik, ordu erdiko bisitetan, sua pizteko, haragia mozteko eta hori erretzeko teknikak ikasiko dituzte. Bisitariek eurek erretako txuleta dastatuz amaituko dute esperientzia.

HARAGI, lehenengoz, joan den urtean ospatu bazen ere, Tolosak tradizio handia du txuletaren eta parrilaren inguruan. Horren adibide da txuletaren festa hamaika urtez antolatu izana. Eraberritzeko asmoz egindako hausnarketa batzuen ostean, HARAGIk hartu dio lekukoa.

Txartelak eskuragarri

Jada eros daitezke bazkari nahiz afarietarako txartelak haragi.eusen, eta 50 euroko prezioa dute. SUA espazioko txartelak ere aurrez eskatu beharko dira gune berean, bost euroan. Dastatzeetarako txartelak, berriz, egunean bertan jarriko dituzte salgai plazan.

EGITARAUA

MAIATZAK 9, OSTEGUNA

17:00. 'Haragi proteinekin jolasean' formazioa. Sektoreko profesionalentzako saioa.
19:30. '%100 Tolosa' afaria. Afari ibiltaria Tolosako lau erretegietan.

MAIATZAK 10, OSTIRALA

21:00. Afaria HIKA txakolindegian.

MAIATZAK 11, LARUNBATA

9:00. Erakustaldien hasiera (Euskal Herria plaza). Gonbidatuak: Uruguayko Diego Perez Sosa eta Txomin Parrilla.
12:00-13:30. SUA espazioa. Tolosako erretegietan barrena (30 minutuero). Tolosako txuleta tradizionala ezagutzeko esperientzia gastronomikoa, bertako parrilleroen eskutik. Mozketa teknikak, brasa pizteko modua eta txuleta erretzeko gako nagusiak irakatsiko dira. Ondoren, dastaketa. Iraupena: 30 minutu.
12:00-15:00. Dastatzea
15:00. Eraskustaldiak. Parte hartzaileak:Txomin Parrilla, Joxean Goay, Barriola harategia eta Yilmaz Öztürk turkiarrak.
19:00-20:00. Dastatzea

MAIATZAK 12, IGANDEA

9:00. Erakustaldiaren hasiera. Gonbidatuak: Txileko Carolina Carriel eta Isidora Diaz eta Txomin Parrila.
12:00-14:00. Dastatzea
13:30-14:30. Bazkaria. 'Txuleta menua'. Tolosako erretegietako menu tradizionala, bertako lau erretegietako parrileroen eta nazioarteko gonbidatuen eskutik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!