Bi pertsona atxilotu dituzte bart, Tolosan, lokal batean lapurreta egiten saiatzeagatik

Ataria 2019ko apirilaren 25a

Igeralde kaleko lokal batean lapurreta egiten saiatu dira 37 eta 39 urteko bi gizonezko; herritar batek deitu du Ertzaintzara, saiakera ikusita.

Bart, 05:00ak inguruan, bi pertsona Tolosako Igeralde kaleko lokal batean sartu dira, lapurreta egiteko asmoz. Herritar batek leiho bateko kristala puskatzen ikusi du bietako bat, besteak ingurua behatzen zuen bitartean.

Ertzaintzaren patruila bat bertaratu da gunera, eta bi gizonezko ikusi dituzte lokaletik aldentzen; bien itxura bat zetorren, telefonoz herritarrak egindako deskribapenarekin. Horrela, beraz, ertzainek bi gizonezkoak identifikatu dituzte.

Bietako batek eskuko hatz bat odoletan zuela ikusi dute, eta lokalean puskatutako leihoan ere odol arrastoak zeudela. Gainera, beste gizonezkoak eskuzorroak eta bihurkin bat zituen, jakako poltsikoan. Horrela, beraz, ertzainek bi gizonezkoak atxilotzea erabaki dute, eta polizia-bulegoetara eraman.

Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, bi atxilotuak egunean zehar pasatuko dira epailearen aurretik, Tolosako Guardia Epaitegian.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!