«Harro gaude egin dugun lanarekin»

Imanol Garcia Landa 2019ko api. 25a, 19:59

Tolosa CF Eskubaloi taldeko jubenil mutilek Espainiako Txapelketaren lehen fasea jokatu dute.

Bizipenez beteriko asteburua igaro zuten, Tolosa CF Eskubaloi taldeko jubenil mutilek, Alacanten. Espainiako Txapelketaren lehen fasea jokatu zuten bertan, beste hiru talderen aurka. Lehen sailkatuak egiten zuen aurrera, eta Tolosak hiru partidetatik bat irabazi zuen. Jon Iraola entrenatzaileak azaldu du, bertara joan zirela, jakinik, oso zaila izango zela hiru partidak irabazi eta lehen postua lortzea: «Beste taldeak oso indartsuak ziren. Beste liga batzuetan jokatzen dute, ez mailaz, baina bai lehiakortasunez». Iraolak gaineratu duenez, «harro» daude egin duten lanarekin: «Badakigu horra iristea zaila zela, eta lehiatzea aberatsa izan da, bai jokalarientzako eta baita entrenatzaileentzako ere».

Talde erdia jubenil mailako bigarren urtekoa da eta beste erdia lehen urtekoa. «Horrek esan nahi du hurrengo urtean beste eskarmentu bat izango dutela orain lehen urtekoak direnak», esan du Iraolak. Bestalde, nabarmentzekoa da Haitz Gorostidi tolosarra txapelketako goleatzaile nagusia izan zela, 22 golekin.

Jokatutako hiru partidak lehiatuak izan zirela dio Iraolak. Lehen egunean etxekoen kontra, Agustinos Alicanteren aurka, jokatu zuten. «Kiroldegi guztia genuen aurka, eta epaileek zalantza zutenean beraien alde egiten zuten. Estatikoan jokatzen nahiko parekatuta geunden, baina kontraerasoan izorratu egin gintuzten. Guk bidaia izan genuen, zortzi orduko autobusa, eta partidaren azken partean indarrak jaitsi egin ziren». 24-18 galdu zuten partida. «Atzetik joan ginen ia partida guztian. Bigarren zatian oso ondo hasi ginen, eta berdinketa lortu genuen, eta beraiei nabari zitzaien indarra gordetzen ari zirela. Baina pixka bat urduri jarri ziren, ikusi zutenean ez zela hain erraza irabaztea. Izan genuen aurretik jartzeko moduko baloia, baina alde egin zigun, eta minutu eta erdian 3 eta 0ko partziala sartu ziguten, eta partida hautsi egin zen».

Bigarren partida La Roca kataluniarren kontra izan zen. «Talde horrek bazuen, adibidez, hegaleko bat, aurreko urtean Bartzelonan ibilitakoa, hemen behin ere ikusi ez dugun salto eta abiadura batekin. Oso biziak ziren defentsan eta sekulako taldea zuten». Partida motel samarra nahi zuten tolosarrek, defentsa indartsua dutelako: «Tamaina handikoak ez diren bi jokalari ditugu defentsaren erdian, baina judoko gerriko beltza dute, eta oso ondo dakite heltzen eta indartsuak dira». Azkenean, partida 22-18 galdu zuten.

Hirugarren egunean Eivissaren aurka jokatu zuten. «Beste bi partidetan ikusi genuen ondo hasten zela, baina gero behera egiten zuela. Bost eta sei gol azpitik gindoazen hasieran; gero, pixkana hobetzen joan ginen erasoan eta defentsan. Beraiek oso gogor defendatzen zuten, eta hiru txartel gorri izan zituzten». Hortaz baliatu ziren, azken minutuetan partida orekatzeko, eta gol batengatik irabazteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!