Lehen denboraldia bete du Tolobolei Bide Bidek

Tolosaldeko Ataria 2019ko api. 25a, 19:57

Boleiboleko Euskal Ligako bigarren mailan lehiatu dira, eta seigarren postuan sailkatu dira.

Tolobolei Bide Bide taldeak lehen denboraldia burutu du pistako boleibolean. Aurreko denboraldian, 2016/2017koan, egungo taldeko jokalariak astean behin entrenatzen hasi ziren, pistako boleibol teknika lantzeko helburuarekin, hondartzako boleibolekoaren oso bestelakoa baita.

Hortik abiatuta, eta pare bat partidu dagoeneko lehiatzen ari zen talde baten aurka jokatu eta gero, nesken taldea sortzea egingarria zela ondorioztatu zuten. Babesleak eta konpromisoa hartuko luketen jokalari bila hasi ziren. Horrela, hasiera eman zioten proiektuari, Ametsak egi bihurtu lelopean.

Toloboleik antolatzen duen udako hondartza txapelketan, taldea osatzen zuten kideak aurkeztu zituzten: Amaia Pagola, Yera Leon, Monica Colomo, Saioa Iparragirre, Idoia Lahidalga, Ane Arana, Ainhoa Martinez, Leire Uranga, Maria Lasa, Alaitz Zabala, Katiana De Sousa, Nagore Valles, Nagore Esnaola eta Eligio Rodriguez entrenatzailea, Bide Bide eta Bellmer babesle nagusiekin batera. Ondoren, abenduan, izandako zenbait bajaren ondorioz, bi jokalari berri gehitu ziren taldera: Enara Garmendia eta Eider Nuñez.

Ligari dagokionez, Euskal Ligako bigarren maila parekatua izan da oso, nahiz eta Astillero eta Ibararte taldeak nabarmendu diren. Horren erakusle da, Tolobolei Bide Bide taldeak talde bakoitzari, gutxienez, behin irabazi izana, aurrez aipatutako bi horiei izan ezik. Liga 6. amaituta, guztira 16 garaipen eta 10 porrot erdietsi dituzte. «Esan beharra dago, ez dela erraza izan, denboraldi osoan zehar hainbat baja izanda, guztira, deskantsurik gabe, 26 partida jokatu baititugu Santanderren, Bilbon, Gasteizen eta Nafarroan», azaldu dute taldetik. «Dena den, zalantzarik gabe, denboraldiaren balantzea positiboa da astean hiru ordu bakarrik entrenatu ditugula kontutan hartuta, entrenamendu bakarra eginaz partiduak jokatzen ditugun kantxan. Eta, hori, Tolosan hainbat pista egokitzeko dagoen eskariagatik gertatu da, noski».

Tolobolei taldeak eskerrak eman dizkie, hasteko, babesle guztiei: «Izan ere, horiek gabe ez litzateke posible izango proiektu hau aurrera eramatea. Eskerrak, baita ere, txoko guztietara jarraitu eta etenik gabe animatu gaituzten zaletu guztiei».

Aurrera begira, taldetik deialdia egin diete «boleibolean jolasteko interesa duten emakume konprometitu eta ilusioa duten orori, martxan den amets hau amaitu ez dadin Tolosan».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!