«Menopausian bizitzaren momentu indartsu batean gaude»

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko api. 24a, 19:00

Tolosako jabetze eskolaren barruan 'Menopausia eta autoezagutza' tailerra eskainiko du, Tolosako kultur etxean; bost saio izango dira, eta izen ematea zabalik dago.

Jabetze eskolako ikastaroen artean, Menopausia eta autoezagutza ikastaroa hasiko da maiatzean. Sexualitatean aditua den, eta berdintasun masterra egina duen Clara Wolframek emango du. Maiatzaren 6, 13, 20, 27an, eta ekainaren 3an, astelehenetan, izango da ikastaroa. Izena 943 67 03 83 telefono zenbakira deituta, edo berdintasuna@tolosa.eus helbidera idatzita eman daiteke.

'Menopausia eta autoezagutza' tailerra emango duzu Tolosan.

Tailer parte hartzaile bat izango da. Ni neu menopausian dagoen emakume bat naiz, eta uste dut menopausiara hurbiltzen ari diren edo jada menopausian hasiak diren emakumeek parte hartuko dutela. Informazioa jasotzeko tailer bat izango da. Alde batetik, menopausiak nola eragin dezakeen hainbat mailatan; fisikoki, aldaketa hormonala,... Aldaketa horiekin zer egiten dugun ikusiko dugu. Zer estrategia garatu ditugun, eta nola bizitzen ditugun denon artean ikusteko aukera izango da. Informazioaz gain, konpartitzea izango da gakoa.

Nola definituko zenuke menopausia?

Menopausia guri pasatutako hitz bat da. Menstruazioa gelditzen den momentua da. Hala ere, beste batzuek, beste hitz bat erabiltzen dute: climaterio. Agian hobeto adierazten du gure gorputzean giro aldaketa bat bizitzen dugula. Nerabezaroan ere beste giro aldaketa bat bizitzen dugu, hormonak aldatzen zaizkigunean. Orain ere, beste aldaketa bat gertatzen da, eta egokitzen gara. Kulturalki eduki oso negatiboak esleitzen dizkiogu menopausiari, arazo bat balitz bezala.

Eta ez da arazo bat, ezta?

Zahartzearen ikuspegitik asko begiratzen da. Emakumearen zahartzea ez da baloratzen den zerbait. Badirudi, balorea galtzen dugula. Diskurtso hori desegiteko izango da ikastaroa. Guri menopausiak nola eragiten digun eta, nola, guk, aukera ezberdin bat bezala bizi dezakegun menopausia.

Esango zenuke menopausia ezkutuan pasatzen dela?

Bai. Nik uste dut konfiantzazko harremanetan konpartitzen dugun zerbait dela; nola bizitzen dugun, zein aldaketa bizitzen ditugun,... Baina ez da, oraindik, hilekoa ospatzen ahal den bezala ospatzen, eta ospatzeko garaia ere izan daiteke. Beste fase batera pasatzen gara. Ez dugu nahikoa hitz egiten honi buruz, eta asko eragiten du batzuetan: alde fisikoan, gure loan, indar sentsazioan,...

Zer gorde eta zer aldatu nahi dugun pentsatzeko une ona dela diozu.

Emakume askori gertatu zaie, urte asko pasatu dituztela besteei ematen, eta, une honetan, gorputzak berak eskatzen du norbere burua lehenestea. Bizitzaren bigarren partean, esaterako, batzuei libidoa jaisten zaie, eta horrek zein sexualitate mota bizitu nahi dudan galderari erantzutea dakar. Nola egokituko naiz? Zein aberastasun ekar diezadake etapa honek? Aukera bat da. Helduagoak gara, eta gehiago dakigu geure buruaz; gehiago bizitu dugu. Une honetan zer aldatuko nuke nire bizitzan?

Autoezagutzak ere bere garrantzia du.

Autoezagutza hori bizitza osoan zehar gertatzen den zerbait da, eta geure burua ezagutzen joaten gara, tailer bat egin edo ez. Baina ariketa konkretu batzuk egingo ditugu, geure buruari denbora eskaintzeko, eta geure burua hobeto ezagutzeko; gogoak, beldurrak, ametsak...

Aberasgarria da esperientziak trukatzea?

Denok gabiltza aldaketa hormonalek sortzen dizkiguten egoera bat edo bestea kudeatzeko informazio bila. Eta, askotan, esperientzia izaten da informaziorik interesgarriena. Zer egin duzu, adibidez, loa aztoratu bazaizu? Zein estrategia garatu duzu? Hori denon artean egingo dugu, eta hortik ateratzen da aberastasunik handiena.

Zein sintoma ditu?

Sintomak? Emakume askok ez dute menopausia fasearen sintomatologiarik. Sintoma erabiltzean askotan gaixotasunarekin lotzen dugu. Ez da gaixotasun bat, hau aldaketa bat da. Oso indibiduala dena.

Gehiago hitz egin beharko litzateke menopausiaz?

Bai. Oro har, eguneroko bizitzan gai normal bat bezala hartu beharko litzateke. Arintasunez eta pozez hitz egin beharko genuke. Hala ere, uste dut, gaur egun, askoz ere askeago hitz egiten dela. Baina badu karga negatibo bat, sozialki jarria, eta menopausian bizitzaren momentu indartsu batean gaude. Esperientziak lehentasunak markatzeko gaitasuna ematen dizu, baina emakumeek adina hartzea ez dago baloratua. Baloratuko balitz, garrantzia gehiago eman beharko genieke 50 urtetik gorako emakumeei, autoritate gehiago. Baina emakumeei autoritatea ematea eta jakintza aitortzea, ez dator bat sistema patriarkalarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!