Igarondokoak bikain munduko kopan

Tolosaldeko Ataria 2019ko api. 23a, 17:59

Irati Lakunzak bi probetan podiumetik gertu amaitzeaz gain Espainiako bi marka hautsi ditu; juniorretan bost ordezkari izan dira.

Igarondo Urpekoak taldeak emaitza ikusgarriak lortu ditu hegats igeriketako munduko kopan. Aix en Provencen (Frantzia) jokatu da munduko koparen hirugarren jardunaldia, eta eskualdeko igerilariak bertan izan dira Euskadiko selekzioa ordezkatuz. Guztira Igarondoko 8 igerilari aritu dira lehian. Aurkariak mundu osotik etorritakoak izan dira: 100 taldetako 450 igerilari.


Beste behin ere, aipatzekoa da Irati Lakunzak lortutakoa. 200 eta 400 metro ur gaineko probetan parte hartu zuen tolosarrak. Bietan podiuma gertu izan zuen, laugarren amaitzea lortu baitzuen. Postuez gain, ordea, Espainiako errekorrak hautsi zituela nabarmendu behar da. 200eko distantzian 1.33,73ko marka jarri zuen Lakunzak. 400ekoan bere errekorra 3.24,46an geratu da, lehendik zegoena bi segundotan hobetuz. Inongo zalantzarik gabe urte izugarria egiten ari da Irati Lakunza.


Aras Karakus ere maila handian ibili zen. Igarondoko Urpekoak taldeko kideak seigarren postua lortu zuen ur gaineko 50 metrotan. Horrez gain, zortzigarren geratu zen 50 apneako proban.


Olatz Eizmendik osatu zuen senior mailako taldea, 50 eta 100 metrotako probetan parte hartuz eta inondik ere bere maila emanaz.

 
Gainontzeko kideak
Tolosako Igarondo Urpekoak taldeko beste igerilariak junior mailan aritu ziren lehian. Maddi Goenaga, Markel Arrizibita, Araitz Auzmendi, Garazi Goenaga eta Nora Sarasola izan ziren eskualdeko ordezkariak Frantzian. 50, 100 eta 200 ur gaineko probetan parte hartu zuten.


Igarondotik azaldu dutenez, «oso esperientzia polita izan da beraientzat mundu osoko igerilariekin lehiatzea. Bestalde, igerilariez gain, ez dugu ahaztu behar tekniko lanetan elkarteko Jon Espina eta Maitane Tolosa izan direla bertan».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!