«Harro gaude egin dugun lanarekin»

J. Artutxa/I. Garcia Landa 2019ko apirilaren 18a

Tolosa CF Eskubaloi taldeko jubenil mutilek Espainiako Txapelketaren lehen fasea jokatu dute.

Bizipenez beteriko asteburua igaro zuten Tolosa CF Eskubaloi taldeko jubenil mutilek Alacanten. Espainiako Txapelketaren lehen fasea jokatu zuten bertan, beste hiru talderen aurka. Lehen sailkatuak egiten zuen aurrera, eta Tolosak hiru partidetatik bat irabazi zuen. Jon Iraola entrenatzaileak azaldu duenez, «bertara joan ginen jakinik oso zaila izango zela hiru partidak irabazi eta lehen postua lortzea. Beste taldeak oso indartsuak ziren. Beste liga batzuetan jokatzen dute, ez mailaz, baina bai lehiakorragoak». Iraolak gaineratu duenez, «harro gaude egin dugu lanarekin. Badakigu horra iristea zaila zela, eta hor lehiatzea aberatsa izan da, bai jokalarientzako eta baita entrenatzaileentzako ere».

Talde erdia jubenil mailako bigarren urtekoa da eta beste erdia lehen urtekoa. «Horrek esan nahi du hurrengo urtean beste eskarmentu bat izango dutela orain lehen urtekoak direnak», esan du Iraolak.  Bestalde, nabarmentzekoa da Haitz Gorostidi tolosarra txapelketako goleatzaile nagusia izan zela, 22 golekin.

Jokatutako hiru partidak lehiatuak izan zirela dio Iraolak. Lehen egunean etxekoen kontra, Agustinos Alicanteren aurka, jokatu zuten. «Kiroldegi guztia genuen aurka, eta epaileek zalantza zutenean beraien alde egiten zuten. Estatikoan jolasten nahiko parekatuta geunden, baina kontraerasoan izorratu egin ziguten. Guk bidaia izan genuen, zortzi orduko autobusa, eta partidaren azken partean indarrak jaitsi egin ziren». 24-18 galdu zuten partida. «Atzetik joan ginen ia partida guztian. Bigarren zatia oso ondo hasi ginen, eta berdinketa lortu genuen, eta beraiei indarrak gordetzen ariko balira bezala ikusten zitzaien. Baina pixka bat urduri jarri ziren, ikusi zutenean ez zela hain erraza irabaztea. Izan genuen baloia aurretik jartzeko, baina alde egin zigun, eta minutu eta erdian 3 eta 0ko partziala sartu ziguten eta hor partida hautsi egin zen».

Bigarren partida La Roca kataluniarren kontra izan zen. «Talde horrek bazuen, adibidez, hegaleko bat aurreko urtean Bartzelonan ibilitakoa, salto eta abiadura batekin hemen behin ere ikusi ez duguna. Oso biziak ziren defentsan eta sekulako taldea zuten». Partida motel samarra nahi zuten tolosarrek, defentsa indartsua dutelako: «Bi jokalari ditugu defentsaren erdian ez direnak tamaina handikoak, baina judoko gerriko beltza dute eta oso ondo dakite heltzen eta indartsuak dira». Azkenean partida 22-18 galdu zuten.

Hirugarren egunean Eivissaren aurka jokatu zuten. «Beste bi partidetan ikusi genuen ondo hasten zela, baina gero beheraka egiten zuela. Bost eta sei gol azpitik gindoazen hasieran; gero pixkana hobetzen joan ginen erasoan eta defentsan. Beraiek oso gogor defendatzen zuten eta hiru txartel gorri izan zituzten». Hortaz baliatu ziren azken minutuetan partida orekatzeko eta azkenean gol batengatik irabazteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!