Emakumezkoen futbolaren festa bikoitza

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko api. 17a, 19:58

Datorren larunbatean, hilak 27, futbolari gaztetxoen IV. Nescup txapelketa ospatuko da, Berazubin. Hurrengo egunean, berriz, Tolosa CF-ko lehen taldeak bere partida irabaziz gero, Bigarren Mailara igoko da.

Beste urte batez, infantil mailako neskei zuzendutako Nescup txapelketa hartuko du, Berazubiko futbol zelaiak, hilaren 27an. Euskal Herriko 12 taldek hartuko dute parte, Futbol 8 modalitatean jokatzen den torneoan.

Antolatzaileek adierazi dutenez, «etorkizuneko jokalari onenez gozatzeko eta horiek ezagutzeko aukera izango da». Lau taldeko hiru multzotan banatu dituzte 12 taldeak. A multzoan, Tolosa CF 'A', Reala, Lagun Onak eta Aurrera de Vitoria taldeak izango dira. B multzoan, Tolosa CF 'B', Osasuna, Intxaurdi eta Erandioko Betiko Neskak. Azkenik, C multzoan, Athletic, Pauldarrak, Leintz Arizmendi eta Mulier ariko dira aurrez aurre.

9:00etan hasiko dira partidak. Multzo bakoitzeko taldeek, elkarren aurka jokatuko dute, 25 minutuko zati bakarrean, eta azken partida 13:00etan jokatuko da. Eguerdian, guztiek batera bazkalduko dute. Ordu horretan, alebinen eta benjaminen arteko lagunarteko partidak jokatuko dira. Tolosa CF-ko alebin mailako bi taldeen eta Añorga eta Mulier taldeen arteko norgehiagokak izango dira.

Behin lagunarteko partidak amaituta, 15:45eak aldera, txapeldunen faseari ekingo zaio. Multzo bakoitzeko lehen bi sailkatuak igaroko dira bigarren fase horretara. A multzoko lehena eta B eta C multzoko bigarrenek, elkarren aurka jokatuko dute. B eta C multzoko lehenak eta A multzoko bigarrena, berriz, beste multzoan ariko dira. Multzo bakoitzeko bigarrenek, hirugarren posturako partida jokatuko dute, eta lehen biek, finala. Finalean, 15 minutuko bi zati izango dira, eta berdinketarekin amaituz gero, hiru penalti jaurtiko ditu talde bakoitzak. Jarraian, sari banaketari ekingo diote. Talde guztientzat izango dira sariak, baita jokalari eta atezain onenentzat ere.

Olatz Peon Tolosako alkateak, antolatzaileei eskerrak emateaz gain, azken hamarkadan, kirolean emakumeen parte hartzeak izandako gorakada azpimarratu zuen atzoko aurkezpenean. «Horrelako txapelketak beharrezkoak eta lagungarriak dira parte hartze hori areagotzeko. Ziur nago asko gozatuko dutela». Christian Fernandez kirol zinegotziak ere bat egin zuen festarekin. «Oso zaila da, lau urtez, maila handiko kartel bat prestatzea, eta aurten ere, lortu da».

Egun, eskualdeko 150 neska inguru aritzen dira futbolean, Tolosa CF-n. Hurrengo egunean, gainera, hitzordu garrantzitsua dute Usabalen. Izan ere, lehen taldeak, Euskal Ligako txapeldun izateko aukerak ditu. Zarautzen aurkako partida jokatuko du, Berazubin 16:30ean, eta irabaziz gero, Bigarren Mailara igoko da. «Nescup, festa izugarria izaten da, baina aurten, bigarren zati bat ere izango du»

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!