Organikoaren kalitatean 6 puntuko hobekuntza eman da azken bi hilabeteetan

Tolosaldeko Ataria 2019ko api. 17a, 19:57

'Tolosa %100 Organikoa' kanpainaren lehen zatiak, organikoaren kalitatea, nagusiki, poltsa konpostagarrien ordez erabiltzen diren plastikozko poltsek okertzen dutela erakutsi du. Udalak kanpainarekin jarraituko du datozen asteetan, kartelak jarriz eta herritarrekin zuzenean.

Organikoaren edukiontzi gehienetan hondakin desegokiak topatu dira, gehienbat ondo sailkatutako organikoa plastikozko poltsetan botatzeagatik, udalak doan eskaintzen dituen poltsa konpostagarrien ordez. Hala ondorioztatu da udalak sustatutako 'Tolosa %100 organikoa' kanpainaren bitartez. Hilabeteko epean, Tolosako edukiontzi gune gehienak bisitatu dituzte kanpainako kale hezitzaileek.

Helburua, hondakin organikoen gaikako bilketa hobetzea izan da, Udalak, organikoen edukiontzietan egiten den sailkapena hobetzeko marjina ikusi baitu. Kanpaina honekin gaur egungo egoeraren diagnostiko bat egin da, herritarrei informazioa ematearekin batera. Bi kolektibori zuzenduta egon da: herritarrei eta hondakin organikoak sortzen dituzten saltoki, ostalari eta zerbitzuei.

Herriko edukiontzien gune gehienetan kaleko saioa egin da bi kale hezitzaileren laguntzaz. Bertan, enara bat jarri da eta organikoen edukiontzitik gaizki sailkatutako hondakinak atera dira. Modu honetan herritarrek organikoen edukiontzietan topatzen diren okerreko hondakinak zeintzuk diren ikusi ahal izan dituzte. Testuinguru horretan, organikoen sailkapenari buruzko informazioa eman zaie eta zalantzak argitzeko aukera ere izan da. Gainera, kale hezitzaileen egunerokoa sare sozialetan zabaldu dute, lekuko edukiontzien eta auzokoen egoeraren berri emanez.

Tolosako edukiontzi gune gehienak bisitatu dira, 50etik gora. Arazo ohikoena ondo bildutako organikoa plastikozko poltsan sartuta egotea da. Hala ere, beirazko poteak, hondakin nahasiak edota kartoizko kutxak ere topatu dira. Mantentze aldetik, nahiz eta gehienak ondo dauden, gainezka dauden edukiontziak topatu dira, pedalak apurtuta dituztenak, kokapen arazoak dituztenak edota tapa trabatua dutenak ere.

600 herritar ingururekin egin dira esku hartzeak eta edukiontzien kokapena berrikusi eta edukiontzi guztiak batera egotea proposatu dute beren ekarpenetan, baita poltsa konpostagarrien erresistentzia hobetzea ere. Kale hezitzaileek saio hauetan jasotako proposamenak eta guneen egoera mapa honetan islatu dira.

Kanpainaren kaleko saioak egin bitartean, inguruko komertzioak (egoitzak, osasun zentroak, tabernak, jatetxeak, saltokiak, ikastetxeak..) ere bisitatu dira. Guztira, 206 izan dira. Organikoaren bilketa sistemari buruzko informazioa eman dute, zailtasunak eta eskakizunak jaso eta hondakinen, eta zehazki hondakin organikoei, buruzko zalantzak argitzeaz gain.

Datuak eta ondorioak

Bisita bakoitzean galdetegi bat egin da. Galdetegiaren bitartez, establezimendu bakoitzetik hondakinen bilketaren inguruko informazioa eskuratu nahi izan da: organikoen sailkapena egiten duten, gainontzeko frakzioak sailkatzen dituzten, zein arazorekin topatzen diren hondakinak sailkatzerakoan...

Komertzio gehienek (%85,6) bilketa sistema ezagutzen dute (edukiontziak eta poltsa konpostagarriak doan); %13,6k ez zekien udalak poltsak ematen dituela eta %0,8k ez zekien organikoa gaika biltzen zenik. Organikoa % 87,1ak sailkatzen du. Udalak emandako poltsak %50,8ak erabiltzen ditu eta %18,2-k plastikozko poltsak erabiltzen ditu organikoa biltzeko. %12ak ez du organikoa sailkatzen.

Arrazoien artean, zakarrontzi ezberdinak jartzeko toki falta, poltsak hartzera joateko denbora falta, poltsa konpostagarrien erresistentzia edota sortzen duten organiko kopuru urria aurkitu dira. Komertzioek egunean sortzen duten hondakin organiko kopurua honakoa da: %68,5k, oso gutxi (egunean 50L baino gutxiago); %18.1k, bi poltsa inguru; eta %13,4k, hiru poltsa baino gehiago.

Sortzaile handientzako bilketa zerbitzu berezi baten beharraz galdetuta, %72,7ak egungo sistemarekin ondo konpontzen dela adierazi du; %20,3ak asko eskertuko luke puntuz puntuko bilketa bat; beste batzuek, berriz, data berezietan bakarrik beharko lukete. Egun, arrandegien hondakinak soilik jasotzen dira atez ateko sistemaren bidez.

Askok utzi zioten poltsa konpostagarriak erabiltzeari, gehienek, hautsi egiten zirelako. Horren aurrean, udalak erresistenteagoak diren poltsa konpostagarriak ekarri ditu eta sortzaile handiei  gogorragoak eman dizkie. Edukiontzien diseinuari dagokionez, organikoarena, beirarena bezalakoa izateko eskaerak egon dira.

Udalak oso positiboki baloratu du kanpaina, sentsibilizazioa ardatz izateaz gainera, datuetan eragina izan baitu: organikoaren kalitatean 6 puntuko hobekuntza eman da azken bi hilabeteetan.

Kaletik haratago

Udalak 'Tolosa %100 organikoa' kanpainarekin jarraituko du datozen asteetan. Etxe atarietan organikoa ondo sailkatzeko argibide ezberdinekin kartela jarriko da, orain arte atzeman diren akats ohikoenak azalduz.

Bestalde, udalak poltsa konpostagarrien erabileran ere sakondu nahi du. "Oso garrantzitsua da poltsa hauen erabilera, izan ere, organikoa plastikozko poltsetan botaz gero, barruko materia guztiak, ondo bereizita egonda ere, ez du balio, eta edukiontzia kutsatzen du".

Tolosaldeko Mankomunitatearekin elkarlanean, udalak doan eskaintzen dituen poltsa konpostagarriak jasotzen ez dituzten etxebizitzak identifikatu dira. Horietara gutun bana bidaliko da, poltsa konpostagarriak erabiltzeko gonbita eginez.

Tolosako Udalak 60.000 € inbertitzen ditu urtero poltsa konpostagarriak erosi eta herritarren eskura jartzen. 24 orduz zezen plazan eta kultur etxean ezarrita dauden makinetan eskura daitezke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!