Gizarte Zerbitzuen I. Gida kaleratu du udalak

Tolosaldeko Ataria 2019ko api. 17a, 17:09

Herritarren ezjakintasunetik abiatuta sortu dute, eta helburua, herritarrei eskaintzen den zerbitzuaren berri ematea da. Papereko argitalpena etxez etxe banatu da; argitalpen digitala, udalaren webgunean dago eskuragarri.

Tolosako Udaleko Gizarte Zerbitzuen Sailak 'Prestazioen eta zerbitzuen I. gida' kaleratu berri du. “Udaleko Gizarte Zerbitzuak herritar orori zuzendutako zerbitzua dira. Hainbat herritarrentzat,  ordea, zerbitzuak ezezaguna izaten jarraitzen duela nabari dugu, eta gida honen bidez informazioa eman nahi izan diegu, behar edo kezkaren bat dutenerako", dio sailaren buru den Olatz Peon alkateak.

Udalak, aurrez aipatutako ezjakintasunaren inguruko kezka jaso zuen 'Tolosatzen' parte hartze prozesuan, eta horregatik hartu zuen gida egiteko erabakia. Helburua, herritarrei eskaintzen den zerbitzuaren berri ematea da, Gizarte Zerbitzuen alorrean eskuragarri duten laguntzaren eta baliabideen jakitun izan daitezen. Bertan, eskaintzen den zerbitzuaren deskribapena egiten da eta herritarrekin egiten den esku-hartzearen baitan bideratzen diren baliabideen, zerbitzuen eta prestazioen aurkezpena ere azaltzen da.

7 ataletan banatzen da: Informazio, balioespen, diagnostiko eta orientabide-zerbitzua; adineko pertsonei eta desgaitasun- eta mendekotasun-egoerei lotutakoak; familia eta elkarbizitza (haurrak eta nerabeak); gizarteratze zerbitzua; indarkeria matxista eta sexu erasoak; osasunerako eta adikzioen prebentziorako zerbitzua; eta azkenik, gizarte-zerbitzuen eremuko parte hartzea eta lankidetza. Alor horien baitako zerbitzu guztiak batzen dira bertan.

Gida, paperean eta era digitalean argitaratu da. Papereko argitalpena etxez etxe banatu da, informazioa Tolosako etxebizitza guztietan jasotzea bermatu nahi baita. Horrez gain, interesekoak diren zerbitzu publikoetan ere eskuragarri dago. Argitalpen digitala, Tolosako Udalaren webgunean eskuratu daiteke. Aurrera begira, dibertsitate funtzionalera egokitzeko lanketa egitea aurreikusi da, gida beharrak dituzten herritarren eskura jartzeko helburuz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!