Bigarren informazio panela ezarri du udalak

Ataria 2019ko apirilaren 17a

Herritarrei, informazio praktikoa zein herrian bultzatzen diren ekimen ezberdinen berri ematea du helburu Zezen Plazaren eta Nafarroa Etorbidearen artean ezarritako panel berriak.

Tolosako Udalak panel informatiboen sarea zabaldu du Zezen Plazaren eta Nafarroa etorbidearen artean bigarrena ezarriz. Pasa den 2018ko apirilean jarri zen lehena Trianguloa plazaren eta San Frantzisko pasealekuaren artean. Bi aldekako pantailaz osatuta, pertsona zirkulazio gehien eta eremu handiena hartzen duen gunea aukeratu da orain ere.

Aurreko panelaren ezaugarri berdinak ditu bigarren honek ere: 3 metroko altuerako estruktura batean ezarri da eta lau panelez dago osatua. Bakoitza metro karratu batekoa da, eta binaka elkartuta daude alde bakoitzean. Led argiteria du eta 5,9 mm-ko pixela. 24 orduz egongo da martxan, baina gauean intentsitatea jaitsiko zaio.

Panelean testu, irudi zein bideoak erakusten dira, eta bide horretan, Udaleko informazio administratiboa, herriko agenda osoa, zein bultzatuko diren ekimenak zabalduko dira bertan. Astero berrituko da edukia, erabat eguneratuz, eta ekitaldi berezietan emisio bereziak gauzatuko dira.

Tolosan ezarri den bigarren panela da honakoa, baina herrigunean zein auzoetan gehiago jartzea aurreikusten dute, 2019ko aurrekontuetan funts horretarako diru-partida bat gorde delarik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!