«Musikari profesionalak nola bizi diren jakin nahi nuen»

Irati Urdalleta 2019ko api. 17a, 08:59

Margolaria Oier Aranzabalen lehen filma da eta Mikel Urdangarin du protagonista. Tolosako Leidor aretoan emango dute, apirilaren 20an. Solasaldi musikatua ere egingo da musika eta ikusleen galderak nahastuz.

Oier Aranzabalek zuzendutako Margolaria filma emango dute hilaren 20an 19:30etik aurrera, eta jarraian solasaldi musikatua egingo dute. Filmaren protagonista, beste hainbat artistarekin batera, Mikel Urdangarin musikaria da.

Nola bururatu zitzaizun pelikula hau egiteko ideia?
Hainbat urte daramatzat musika talde batean, eta horrek musikari profesional asko ezagutzeko aukera eman dit. Kontzertuak ematen ari ginela, artista horiei begira, kazetari sena piztu zitzaidan. Musikari profesionalak nola bizi diren jakin nahi nuen. Esaterako, Joserra Senperena bezalako piano jotzaile erraldoi baten bizimodua ezagutu nahi nuen. Begiratu egiten nien, eta horrela, asko ikasi dugu beraien bitartez. Kontatu nahi nuen artista horiek nola bizi diren eta oholtzatik kanpo dagoen behe alde hori ezagutu nahi nuen. Gainera, Mikel Urdangarin ere ezagutu nuen, berarekin aurrez aurre topatu nintzen eta ikusi nuen aukera bikaina zela. Izan ere, hogei urteko ibilbidea duen musikari bat da eta hamabi disko ere badauzka.

Hainbat artista elkartzea lortu duzu. Erraza izan al da?
Hasieratik, bidaia bat bezala planteatu genuen, eta horrela izan da. Mikel Urdangarinen atzetik ibili gara eta bera izan da gure gidaria bidaian. Horrela, bere inguruan lanean dabiltzan hainbat artista topatu ditugu. Bere hainbat lagun interesgarri ere ezagutu ditugu, esaterako, Kirmen Uribe idazlea eta Elizabeth Macklin poeta.

Zer erakutsi nahi izan duzu pelikula honen bidez?
Artista protagonista bezala hartuta egindako film bat da. Artista ez da Mikel Urdangarin bakarrik, baita agertzen diren beste guztiak ere. Denen artean diskurtso bat osatzen dute eta hori da pelikula. Beste modu batera azalduz, pertsona oro mugitzen duen horretan,hau da, bizi duen horretan erreparatu nahi izan dut. Kasu honetan, artistak dira, baina beste pertsona bat ere izan zitekeen. Jakin nahi izan dut zerk egiten duen pertsona batek bizitza zerbaiti eskaintzea.

Zein ideia zabaldu nahi izan duzu?
Ez dut ideia zehatzik zabaldu nahi izan. Norberak bere pelikula ikusiko du eta bere ondorioak aterako ditu. Gu artistaren erretratua ateratzeko asmotan hasi ginen lanean. Artista mugitzen duen horren bila aritu gara, eta gero, norberak atera ditzala bere ideiak eta bere ondorioak.

Zuk zuzendu duzun lehenengo pelikula da. Zer moduzko esperientzia izan da?
Oso esperientzia aberasgarria izan da. Ikasi dut zer den pelikula bat egitea, eta bidean ikasi egin dut. Nik ere bidaia bat egin dut hasi ginenetik pelikula aurkeztu arte, eta gogoa piztu dit honetan jarraitzeko.

Apirilaren 20an Tolosan emanaldi bat eta solasaldi musikatu bat egingo dituzue. Zer izango da zehazki?
Pelikula ikusi ostean, Mikel Urdangarin eta biok solasaldiak egiten ditugu. Urdangarinek hiru abesti jotzen ditu, eta tartean, ikusleei hitza ematen diegu, galderak egin ditzaten. Ni Tolosan ez naiz egongo, kanpoan nagoelako, baina Mikel Urdangarin eta Ritxi Lizartza ekoizlea egongo dira.

Orain arte, nolako harrera ari zarete edukitzen?
Oso harrera ona ari gara edukitzen. Pelikula ikusten duen jendea, oro har, oso erantzun ona ari zaigu ematen bueltan. Hori beti sentsazio kontua izaten da, eta harrerarekiko edukitzen ari garen sentsazioa oso ona da. Tolosan ere horrelakoa izatea espero dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!