Peña II.ak ez du lehen mailako buruz buruko txapelketa jokatuko

Tolosaldeko Ataria 2019ko api. 16a, 12:11

Aurre-kanporaketako partidan, Agirreren aurka 12-0 galtzen zihoala, lehia utzi behar izan zuen, bizepsean min hartu zuelako. Iñaki Artolak, ostiralean jokatuko du final hamaseirenetako partida, Arteaga II.aren aurka.

Jon Ander Peñari atea parez pare zabaldu zion BAIKOk, lehen mailako buruz buruko txapelketa jokatzeko aukera eskaini ondoren. Aurten, iaz finalista izan zen Olaizola II.aren hutsunea betetzeko asmoz, Bilboko enpresak tolosarraren eta Agirreren arteko aurre-kanporaketako partida antolatu zuen. Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatu zuten partida, larunbatean. Peñak, ez zuen tanto bakar bat egin larunbatean jokatu zuten partidan. 12-0 galtzen zihoala, bizepsean min hartuta, partida utzi behar izan zuen eta. Hori dela eta, Agirre sailkatu da final hamaseirenetako kanporaketa jokatzeko. Peio Etxeberriaren aurka jokatuko du partida, nafarrak, Javier Zabala errioxarrari 22-11 irabazi ondoren.

IÑAKI ARTOLAREN TXANDA

Buruz buruko txapelketari, ostiralean emango zaio hasiera ofiziala. Labastidan jokatuko dute final hamaseirenetako lehen partida, Artolak eta Arteaga II.ak. Partida honetako irabazlea, Jakaren aurka ariko da, hurrengo kanporaketan, Tolosan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!