Tolosa CF Gimnastikako neskak, bikain Espainiakoan

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko api. 15a, 20:00

Lehen mailako neskek eta juniorrek, urrezko dominak eskuratu dituzte, Espainiako Kopako lehen fasean.

Espainiako Gimnastika Federazioak antolatuta, Taldekako Espainiako Kopako lehen faseko jardunaldia ospatu zen, Guadalajaran, pasa den igandean. 17 Autonomia Erkidegoetako 415 kirolari baino gehiagok hartu zuten parte. Tartean izan ziren Tolosa CF Gimnastika taldeko junior eta lehen mailako neskak. Bientzat ere, «txapelketa ona» izan dela adierazi dute, entrenatzeko izandako tarte laburrean lortutako emaitza izan delako.

Duela hilabete batzuk, lehen mailara igotzea lortu zuen talde bera da garaipena lortu duena: Irati Agirrek, Joane Zugastik, Anne Lezeak, Iratxe Martinek eta Saroi Eskisabelek osatutakoa. Azken honek adierazi moduan, «argi genuen, maila honetan, estatu mailan dominak lortzeko aukera gutxiago izango genuela, maila oso altua baita».

Helburu bakarra zuten: «gozatzea». Hortaz, ez zuten espero, bost pilotekin egindako koreografiari esker, 17.467 punturekin, garaipena, eta ondorioz, urrezko domina eskuratzea. Hauen atzetik, Batistana de Tenerife klubekoak sailkatu ziren, 16.350 punturekin. Hirugarren, berriz, Murtziako Cronos taldekoak izan ziren, 15.717 punturekin.

Juniorrak ere garaile

Baina, lehen mailakoen lorpena ez da igandean lortutako bakarra izan. Junior mailan ere lehen postua lortu zuten Tolosa CF Gimnastikako partaideek: Ismene Agirre, Carla Aranzabe, Onintza Sukia, Aitane Goikoetxea, Ane Alustiza eta Mara Herrera. Hauek, bi uztaiekin eta hiru xingolekin osatu zuten ariketa, 13.775 punturekin, Palas EC eta Corzas Maspalomas kluben aurretik sailkatzea lortuz.

Espainiako Kopako bigarren fasea, ekainaren 28tik 30era bitarte ospatuko da, oraindik zehazteke dagoen tokian. Bien bitartean, Arantxa Aristondok, Sara Alonsok eta Nerea Otaegik gidatutako taldeek, gustukoen dutena egiten jarraitzea besterik ez dute. Hala ere, behin eta berriz aldarrikatzen dute gauza bera: entrenatzeko toki duin baten beharra dutela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!