[IRAKURRIENAK] "Kanarietan jaio izan ez banintz, bestelako musika bat egingo nuke"

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko api. 19a, 11:54

Pedro Guerra kanariarrak, Golosinas 2018 biraren barruan, kontzertu berezia eskainiko du Tolosako Leidor aretoan, hurrengo ostiralean. Ibilbide oparoaz, 1995ean argitaratutako diskoaz, musikaz eta asmo berriez aritu da.

Estudioan erantzun dio deiari. Non bestela? Hizketan hasi orduko, bistakoa da, oholtzan bezain zintzoa eta gozoa dela telefonoaren bestaldean ere. Madrilen bizi da Pedro Manuel Guerra Mansito (Güímar, Tenerife 1966) kanariar kantautorea, eta gozokiak bezalako kantuak egiten ditu. Jangarriak, behin eta berriz dastatzeko modukoak, eta erraz erosten diren horietakoak. Mende erdia baino gehiagoko historia du artistak, eta musika ulertzeko ikuspegi berri bat erakutsi dio munduari.

Golosinas bakarka atera zenuen lehen diskoa izan zen, duela bi hamarkada baino gehiago. Zergatik erabaki duzu lan hura berrartzea?

Diskoa, berez, duela 23 urte argitaratu nuen, eta bi urte lehenago heldu nintzen Madrilera, gitarra gainean hartu eta Kanariar Irlak atzean utzita. Orduan, abentura berri bati ekin nion. Libertad 8 izeneko aretoan jotzen hasi nintzen eta, haren inguruan, atmosfera berezi bat sortzen ari zen, garai hartan bertan kantuan aritzen ginenon lanari esker. Gero eta jende gehiago bertaratzen zen; aretoa betetzen hasi zen, eta joaten zirenek kantuen letrak ikasten zituztela konturatu ginen. Halako batean, BMG Ariola diskografikak kontratu bat sinatzeko aukera eskaini zidan, eta horrela suertatu zen diskoa grabatzeko aukera. Denborarekin jabetu naiz, ausardiaz egin nuela grabaketa hura, 1994ko abenduan, Madrilgo Cinearte antzokian. Horrela sortu zen Golosinas, lehen aipatutako Libertad 8 aretoan bizi genuen giroa irudikatzeko asmoz. Niretzako, bizitzan inoiz egin dudan lan garrantzitsuena izan da, neure burua ezagutzeko, eta bide berri bat eraikitzen hasten jakiteko.

Gitarra bat eta ahotsa entzuten dira diskoaren zati handi batean, eta hori da nire estiloa markatzen duena. Orain, plazaratu zenetik ia 25 urte bete direnean, kantu horiek berrartzeko une aproposean nagoela iruditu zait.

Iragana ahaztu eta etorkizunari begiratu behar zaiola esan ohi da. Zuk, ordea, antzekotasunak ikusten dituzu bi garai horien artean.

Ez dut uste iraganari begiratzea horren negatiboa denik. Okerragoa da iraganean iltzatuta geratzea. Are gehiago, atzean utzitakoa bergogoratzea edo berriro bizitzea, osasuntsua iruditzen zait. Niri oso ondo datorkit, zerbait berria egin nahi dudan bakoitzean, atzera begiratzen baitut; lehenago egindako horretara itzuli eta berrikusi, ez errepikatzeko.

Aitortu behar dut, 1990eko hamarkadan, krisi egoera batetik irten nahian genbiltzala, eta gaur egun ere antzeko prozesu batean gabiltza. Beraz, badira zenbait antzekotasun bi garai horien artean, nahiz eta, beharrei edo ohiturei erreparatuz gero, oso desberdinak izan. Bada paralelismo moduko bat bien artean. Beraz, ez dut uste diskoa zaharra edo arrotza geratu denik.

Eta, zein dira garai haiez dituzun oroitzapenak, bai musikalki, bai testuinguruari dagokionez?

Orokorrean, oso oroitzapen onak ditut. Irletatik ateratzean, nahiko despistatuta heldu nintzen Madrilera. Ordurako, baina, banituen kontaktuak, eta ezagunak nituen zenbait artista, Sabina,Victor Manuel eta Ana Belen, besteak beste. Azken biek, gainera, Contamíname kantua grabatu zuten, geroago, elkarrekin. Hori guztia irakite baten antzeko zerbait izan zen niretzat; gauza gehiegi eta abiadura azkarregian gertatzen ziren garaian. Horregatik, maitasun handiz gogoratzen ditut urte haiek.

Azpimarratzekoa da, zure kantu gehienek letra propioa dutela. Nolakoa da, esaldi batetik hasita, abestia erabat idatzi bitarteko prozesu hori?

Esan behar da, oso goiz sartu nintzela musika munduan. 13 urterekin gitarra jotzen hasi nintzen, baita nire lehen olerkiak idazten ere. Nerabe bat nintzen oraindik. Halako batean, Silvio Rodriguez eta Pablo Milanes artisten musika deskubritu nuen. Niretzat zerbait magikoa izan zen. Haiek, kantuak idazteko zuten moduagatik txundituta utzi ninduten, eta olerkiak idazteko nahiz musika sortzeko nituen afizioak nahas nitzakeela pentsatzen hasi nintzen. Beraz, idatzitako testu bakoitzaren gainean, gitarra sartzen hasi nintzen, eta horrela sortu ziren lehen kantuak. Garai hartan, institutora joan eta ikasketak egiteaz gain, hainbat ordu eskaintzen nizkion gitarra jotzeari. Egun osoa igarotzen nuen letrak eta olerkiak sortzen eta kantu berriak konposatzen.

Afizioa ofizio bilakatu den arte.

Esan daiteke baietz. Afizio horrek eta sartutako ordu guztiek, ofizioaren barrunbeak ezagutzera eraman naute. Musikari edo kantautorearena, praktikatzen eta entzuten ikasten den ofizioa da. Miresten dituzunen eta zure aurretik sortu zutenen egiteko moduak argitzen saiatuz, ikasten da.

Sarean ikusgai dauden zure kontzertu zaharretako bideoetan, publikoarekin kontaktuan egoten saiatzen zarela ikusten da, umore ukituak ere uztartuz.

Badakizu zer gertatzen den? Nik ez dut batere gustuko kantatzera irten, eta «Kaixo!» sinple batekin hastea. Edo ezer esan gabe ekitea. Beraz, oso garrantzitsua da kontaktu hori izatea, hasieratik, gainera. Artista batek, bakarrik aritu behar duenean, begirada guztiak bereganatzen ditu eta, horrelakoetan, musika jotzeaz eta abesteaz gain, ezinbestekoa da pixka bat antzeztea. Badira artista asko, hasieratik amaierara bitarte, abesti guztiak bata bestearen atzetik interpretatzen dituztenak, tartean ezer esan gabe, edo ezer gehitu gabe. Niretzat oso arraroa da hori. Ezin dut horrelakorik egin. Hortaz, bizpahiru abestiz behin, zerbait kontatu beharra sentitzen dut.



Hori, azkenean, artista bakoitzaren izaeraren parte izango da, ezta?

Hala da, bai. Gainera, nik emankizunean zehar gehitzen ditudan umore ukituek, intentsitatea apur bat jaisten dutela iruditzen zait, edo hala nabari dut behintzat. Jakitun naiz, nire kantuek pisu handia dutela eta, are handiagoa, bata bestearen segidan, ezer gehiago gehitu gabe, jotzen baditut. Hori dela eta, monotonia hori hausten saiatzen naiz, hitz egitearen bitartez, kantuak tartekatuz edo umorea gehituz. Publikoarekin harremanik edo konexiorik izan ezean, bi aldeen artean distantziazko hesi bat altxatzen denaren sentsazioa izaten dut. Hortaz, kontzertua zerbait interaktiboa izan dadin gustatzen zait.

Bira berri honen kontzertuetan ere, bilatzen duzu kontaktu hori?

Orain arte, sei kontzertu eskaini ditut, azaroan, Kanariar Irletan. Madrilen, asteazkenean eskaini nuen beste bat. Gaur Valentzian arituko naiz eta, datorren ostiralean, berriz, Tolosan. Beraz, orain arte eskaini ditudan kontzertu gutxi horietan, ezin izan dut askorik ikusi.

Kontzertuetako errepertorioari dagokionez, lehen zatian, Golosinas diskoko kantuak jotzen ditut; bigarrenean, berriz, nire ibilbidearen errepasoa egiten dut. Hasieran, baina, zati handi batean, gitarrarekin bakarrik aritzen naiz, 40 bat minutuz. Ondoren, baxua eta bateria gehitzen dira eta, bandaren laguntzarekin, lehen zatiari amaiera ematen diogu. Eta, bigarren zatia banda eta guzti jotzen dugu. Egia da tarte horretan presio handiagoa dudala, parte hartzea handiagoa delako. Bira honetan, esaterako, Kanariar Irletan jotzen aritzea oso berezia izan zen niretzat, etxean aritzeaz gain, ikus-entzuleek nirekin batera kantatu zutelako, hain justu, lehen zati horretan.

Banda, gainera, laguntza moduko bat izango da zuretzat, ezta?

Noski. Ohituta nago bakarka aritzen, gitarrarekin bakarrik urte asko daramatzadalako. Bandarekin aritzeak esperientzia berriak probatzeko aukera ematen dit, eta horrelako musikariekin batera jotzea, benetan, luxu bat da.

EAEn, 'Golosinas2018' birako lehen kontzertua izango da Tolosakoa. Lehenago inoiz izan al zara?

Uste dut Tolosan lehenago jo nuela, duela urte batzuk. Beraz, ez da lehen aldia izango. Eta, besteak beste, Bilbon, Gasteizen eta Donostian ere aritu izan naiz askotan. Bilbon, gainera, martxoan ere ariko naiz.

Eta, nolakoa izan da publiko euskaldunak emandako erantzuna?

Izugarria, benetan. Beti miretsi izan ditut bertako zaleak. Nik, gainera, gaztetatik jaso izan dut euskal musikaren korronteen berri. Taller Canario taldean aritu nintzen 8 urtez, Madrilera lekualdatu aurretik eta, orduan, Rogelio Botanz musikari legazpiarra izan nuen taldekide. Perkusioa jotzeaz gain, abestu ere egiten zuen. Bere diskoei esker, euskal talde eta bakarlari askoren berri izan genuen; besteak beste, Oskorri edota Ruper Ordorika. Haiekin oso harreman ona dut oraindik, eta euskaraz kantatzera ere ausartu nintzen behinola. Bestalde, Anjel Illarramendi musikagile zarauztarrarekin ere kolaboratu nuen behin.

Tolosan euskaraz kantatzera ausartuko zara?

[Barreak] Ez, kantuen zerrenda konkretu eta itxi bat daramadalako. Gainera, bandarekin joko dut eta, beraz, ez naiz jotzen dugun horretatik kanpo ezer egitera ausartuko. Baina, aitortu beharra daukat ez litzaidakeela batere axolako.

Esaten dute garai mugituetan eta globalizazioak irentsitako urteetan bizi garela. Zein da kantautore edo sortzaileak egun bizi duen egoera?

Sortzaileak beti egon dira, eta beti egongo dira hor. Egia da, guk komunikabideen etengabeko eraginetik soilik jasotzen dugula informazioa. Hala ere, sortzaile bakoitzak bere zirkuitu propioa eta sentimenduak adierazteko modu propioak ditu. Jendeak kantuak egiten jarraitzen du, sortzaile eta olerkari oso onak daude, baita letra ederrak idazten dituen jendea ere. Egia da, garaiak aldatzen ari direla, eta jendea testuinguru berrietara moldatzen dela, baina beti daude gauza oso interesgarriak.

'Golosinas' diskoaren kasuan, hainbat melodia eta letra sartu zenituen, baita erritmo nahasketa batzuk ere. Betidanik izan duzu estilo propio bat edo, urteak pasatu ahala, aldatzen joan zara?

Esango nuke, nire lehen kantuak idatzi nitueneko estilo bera mantentzen dudala. Egia da, urteak pasatu ahala, gauza berriak gehitzen joan naizela. Hasi nintzenean, kubatar erritmoak izan ziren nire eragin handiena. Brasilgo eta Argentinako musikaren ezaugarriak ere gehitzen joan naiz pixkana, horiek entzuten joan naizen bitartean. Kanariar Irletako folklorearen influentzia ere izan dut, baita bestelako estilo, erritmo eta melodiena ere.

Urte hauetan guztietan, kantuak egiteko nire modua ez da inoiz aldatu, baina korronte berriengandik jasotakoa gehitzen saiatzen naiz, posible den heinean. Eguneratuta egoten saiatzen naiz, gainera.

Aditu askoren arabera, erreferente nagusienetako bat zara, Kanariar Kantugintza Berria belaunaldiarentzat. Zer eman dizute, urte hauetan guztietan, Kanariar Irlek?

Dena. Ni naizena naiz, bertan jaio nintzelako, eta bertan urte luzez bizi izan nintzelako. Egia da, hemendik urte batzuetara, Kanarietan bizi izandako urte kopuru bera beteko dudala Madrilen, 1993az geroztik bertan bizi naiz-eta. Urte horiek, ordea, ezinbesteoak izan ziren niretzat. Bertan jaio izan ez banintz, bestelako musika bat egingo nuke. Bertan izandako esperientzia eta gertaera guztiak bizi izan ez banitu, eta kanariar kulturaren eta bizitza ikusteko modu horren parte izango ez banintz, ez ginateke Pedro Guerraz ariko. Inoiz ez diot uko egin aukera horri, ez dut inoiz baztertu, eta oso kontentu eta harro nago.

'Urte berria, asmo berriak' dio esaerak. Zuk, ordea, orain birarekin amaitu nahiko duzu. Baina, aurrerago zer? Zer darabilzu buruan?

Orain bira besterik ez dut buruan. Baina, bidaia eta bidaia artean, estudiora bisitatxoak egitea gustatzen zait, kantu eta letra berriak sortzeko, eta baita lehengo kantuak berrartzeko ere. Etengabe sortzen eta musika jotzen aritzea oso gustuko dut. Beraz, bira aurrera doan bitartean, erronka berriak eta asmo berriak aztertzen joango naiz, nire hurrengo proiektua izango dena irudikatzen, alegia. Dudarik gabe, kantu berriz osatutako diskoa izango da.

Sortzaile izateari eutsiko diozu, beraz.

[Barreak] Noski. Hori ez dut inoiz galduko. Hori betirako geratzen da hor, eta gogotsu nago berriz ekiteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!