Fusilatutako errepublikazaleak omendu dituzte, II. Errepublikaren aldarrikapenaren 88. urteurrenean

Tolosako Foro Errepublikazaleak deituta, hainbat errepublikazale bildu dira Tolosako hilerrian. Lore eskaintza eginez omendu dituzte fusilatutako errepublikazaleak.

Tolosako hilerrian dagoen frankismoaren biktimen omenezko oroigarrian egin dute fusilatutako errepublikazaleen aldeko ekitaldia. Bertaratutakoek adierazi dute 80 urteren ondoren ez dutela ahazten, eta eraildako senide eta lagunentzat justizia aldarrikatzen jarraituko dutela. Gaur betetzen dira 88 urte Eibarren II. Errepublika aldarrikatu zenetik, eta horren harira egin dute omenaldia.

 

Garbiñe Biurrun epaileak hartu du hitza eta esan du oraindik errepublikaren zain daudela eta horren alde egin behar dela borroka: “Monarkiarik gabeko sistema eta baloreak behar ditugu, benetako askatasuna, berdintasuna eta justizia soziala behar ditugulako”.

 

Tolosako Foro Errepublikazaletik salatu dute 1962an 36 pertsonaren gorpuzkinak atera zituztela Tolosako hilerritik eta Madrileko Erorien Haranera eraman zituztela: “Gorpuzkin horiek berriro ekartzeko eskatzen dugu, familiek horiek edukitzeko eskubidea daukatelako”. Gaineratu dute, duela hilabete batzuk, Lucas Ugarteren familiak hala eskatuta, bere senidearen gorpuzkinak Erorien Haranetik atera eta Tolosara itzultzeko lanak hasi dituztela. “Oraindik gauza asko dauzkagu egiteko, beste guztiei ere zor diegulako justizia eta erreparazioa”. Omenaldia amaitzeko, bandera errepublikazalea jarri dute Tolosako udaletxeko balkoian.

Tolosaldeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jasotzen nahi duzu?

Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!