XXI. mendeko txirrindularitza zalea da Julen Telleria (Irura, Gipuzkoa, 1990), eta harro dago. Aurreko belaunaldietan, txirrindularitza zaleek freskagarrien txapetan itsasten zituzten kutunen argazkiak, edo egunkarietako artikuluak papiro baliotsuak balira bezala gordetzen zituzten. Telleriaren kasuan, baina, beste bat da miresten dituen kirolariekin lotzen duen zilbor hestea: «Txirrindulariekiko enpatia orain landu dut. Xelebre itxura izango du, baina txirrindulariei Instagramen jarraitzen hasi naizenetik heldu diot egunerokoaren hariari. Aurrekoen garaipenak ez nituen horrelako pasioz bizi, baina orain, bai. Hura Milan-Sanremon dabil, bestea Katalunian...».
Heldutasunean berreskuratu du zaletasuna, baina, memoriaren irratiko diala astindu ahala, txirrindularitzarekin loturiko oroitzapen asko datozkio burura. «Gure aita, txirrindularitza zaleaz gain, Txirri eta Mirri saioko gidoilaria zen, eta bazuten abesti bat Oh Peio Peio, Marino, Marino zioena, eta 3 urterekin telebistara eraman ninduten pailazoen artean trizikloan ibiltzera. Peio, Peio Ruiz Cabestani zen, eta oroitzapen erromantikoa dut, baina ez naiz mitomanoa». Ganbaran gordeta dauzka, era berean, udalekuetan Abraham Olano —«ia gure herrikidea da», zehaztu du— Tourrean nola zihoan egunkarian bilatzen zuenekoa, edota kuadrillarekin «etaparen ondoren» gelditu ostean izandako tertuliak.
Oroitzapenak bai, baina idolo gutxi izan ditu: «Ez naiz mitomanoa». Bere kutunak gaur egungoak direla dio, eta gutxi dituela, baina, hitz egin ahala, zerrenda uste baino gehiago luzatu zaio. «Euskal txirrindulariak oro har; izagirretarrak beti hartzen ditut Tropela-ren kinielan. Markel Irizar orain ez dut hartzen, baina haren zale sutsua naizela aitortu behar dut. Saganzalea ere banaiz. Gainera, azken urteetan helduago ikusten dut, eta gustatzen zait. Nibali ere ezin dut ahaztu. Ausarta da beti». Instagramez eta telebistaz bai, baina errepide bazterrera ia hurreratu gabea da, eta ez gogo faltagatik. «Iaz ezin nintzen Tourrera joan, lan kontuengatik. Baina kuadrillakoak bai, joan ziren. Niretzat plan perfektua da: furgonetan joan, bizikletaz mendiren bat igo, bazkari legea, eta txirrindulariak animatu».
Jarraitu irakurtzen hemen.