Aurtengo Korrikan, zein zati ezagutzeko aukera izan duzu?
Villatuertatik hasi, eta Lodosara arte egin nuen korri, guztira, 59 kilometro inguru izango dira. 19:00ak aldera hasi nintzen, eta 23:30ak aldera geratu nintzen.
Zer moduzko giroarekin egin zenuen topo?
Paraje haiek izateko giro polita zegoen. Jende asko zegoen, beno, asko ez dakit, baina jendea bazegoen, eta asko gustatu zitzaidan, esperientzia polita izan zen.
Lizarrako merindadean, zer harrera egin zioten Korrikari?
Denetarik ikusi nuen. Adin guztietako jendea atera zen eta, egia esan, emozioz bizitu genuen. Euskararen egoera ez da hemengo bera, eta nabaritu nuen bazirela korrika egitera soilik atera zirenak, gehiegi ulertu gabe zertan ari ziren. Baina, tira, behintzat euskara entzun zuten, eta bada zerbait.
Nolatan bururatu zitzaizun Lizarrako merindadean korri egitea?
Normalean, uda Lodosa aldean pasatzen dut, eta beti eduki izan dut ilusioa han korri egiteko. Aurreko urteetan, ordea, ezin izaten nuen joan, eta aurten, jai hartu nuen eguna, izan ere, hurrengo egunean Florentziara joan nintzen, atletismoko froga batzuetara. Hori baliatuz, bezperan Korrikan parte hartu nezakeela pentsatu nuen, eta eguna aprobetxatu nuen korri egiteko.
Entrenamendu bat izan zen ?
Izan daiteke. Entrenamendu luze bat, bai, horrela har nezake.
Korrikak beti sortzen du kuriositatea. Hainbeste kilometro egiteko, kotxea non uztea da egokiena, abiatuko zaren lekuan, edo geratuko zarenean?
Nire kasuan, Lodosara joan nintzen lehenik kotxez. Lodosatik Lizarrara autobusak daudela banekien, eta horrela joan nintzen. Lizarratik Villatuertara oinez egin nuen bidea, lasai-lasai. Han Korrikarekin elkartu nintzen, eta Lodosaraino egin nuen. Ez nuen besterik, kotxeraino behintzat iritsi egin behar nuen.
Larunbat honetan etxetik gertu pasako zaizu Korrika. Aterako zara?
Bai, asmoa badut. Erabakitzen ari gara noraino egin, Beasain aldera edo, ikusiko dugu. Atera behintzat egingo gara, eta ea zer ateratzen den.
Aurretik, ordea, antolatu egingo duzu?
Bai, hori bai. Azken batean, kotxea herri batean utzi edo bestean, ez du axola.
Taldean egingo duzu?
Lagun batekin hitz egin dut, baina, azken batean, Tolosa inguruan ezagunak edonon daude. Udaberri dantza taldeko kidea ere banaiz, eta lekukoa eramango dute kilometro batean, beraz, haiekin ere egongo naiz. Polita izaten da, jende ezagunarekin konpartitzen baituzu bidea.
Lehen aldia izan da hainbeste kilometro jarraian egin dituzuna?
Ez, azken Korrikan ere egin nituen kilometro batzu-batzuk. Bi saio egin nituen azkenekoan; batean, Atallutik hasi eta Andoaineraino joan nintzen, eta bestea gauez egin nuen, zirkular moduko bat egin zen urte hartan; Beasaindik Alegiara, Amezketara, Larraitzera eta berriro Beasainera jaitsi ginen.
Gauez Korrikaren erritmoa azkartu egiten da?
Ez dakit zer esan. Ordu txikitan, batzuetan, egia da azkarxeago joaten dela. Egunean zehar jende gehiago ibiltzen da eta, nahi edo ez nahi, moteldu egiten da. Normalean, antolatzaileek jartzen dute erritmoa; jende kopuruari begiratzen diote, erlojuari ere bai eta hurrengo helmugak zeintzuk diren ikusten dute.