Agian euri falta da, 16 urteko gazte bat, ostiralero, kalera ateratzera bultzatzen duena; bere indarrarekin milioika pertsonarenganaino iritsiz. Denborarik gabe geratzen ari garela errepikatuz, behin eta berriz. Euritik harantz joanez, hain garrantzitsua den, eta oraintxe bertan hainbeste jorratzen ari den gaia nabarmenduz. Baina… Zergatik ez gara hasi, gauzak aldatzeko esaldia lehenago erabiltzen, korrika eta presaka orain egin beharrean? Zergatik egon gara beste norbaiten zain?
Galdera horiek berak Greta Thunberg-i egin diezazkiokegu. Izan ere, berak kendu dio begietan zuen zapia, munduari; bera izan delako behar adina ausardia bildu, eta gauzak argi esateko indarra eduki duena. Bera izan delako, gaur bezalako ostiral batean, greba egiten hasteko iniziatiba eduki duen gaztea. Ez da lehengoa, baina bai katua sakatu duena. Hala ere, ezin izan liteke bakarra.
Ez baita moda bat. Gure gizartearen aurka borrokatu beharreko gatazka bat, baizik. Gure ohituren eta bizimoduen aurka, jada ezin dezakegulako planeta sostengu bezala erabili. Erregeek beren tronuetatik jaitsi beharko dute, eta denok utzi beharko ditugu gure erosotasunak alde batera. Eta, ez ordu batzuz bakarrik. Denborarik gabe geratzen ari gara. Planeta poliki-poliki nola hiltzen den ikusiz.
Akziora pasa behar dugu. Ezin diegu astronomoei B planeta bat bila dezaten eskatu. Ez dago, zientzia fikziozko pelikuletan bezala, beste Lur planeta bat gure zain. Hau da gure etxea, eta ezin diogu bizkarra eman gure sostenguari.
Txirrina entzuten dut, nire pentsamenduak moztuz. Liberen begirada dut nire gain, mugitzeko eskatuz, nire hamaiketakoarekin eskuan. Bestalde, nik boligrafoa hartu eta eskuan 'H' bat idatzi dut. Etxera iristean, gogoratzeko, hamaiketako berria behar dudala, plastiko zorrorik ez duen bat. Denborarik gabe geratzen ari baikara, eta, aldaketa handiagoak behar ditugun arren, badelako garaia nik ere nire erosotasuna alde batera uzteko. Izan ere, gaur ez banaiz hasten, noiz hasi ahalko dut? Izarren hautsetik bilakatu ginelako bizigai, eta bizigaia zaintzen ez badugu, hauts bihurtuko garelako berriro.