Argazki saridun baten atzean dagoen istorioa

Erabiltzailearen aurpegia Ura Iturralde 2019ko api. 14a, 06:59

Orain dela aste gutxi batzuk irakurri nuen, komunikabideetan, lehiaketa ezagun batean 120.000 dolarreko saria irabazi duen argazkiak ezkutatzen duen istorioa.

Vietnamen lorturiko irudi horretan, emakume bat ikus daiteke, bere umea besoetan duela, besterik ez. Iskanbila, ordea, ondoren sortu da, argazkia zein egoeratan aterata dagoen argitaratu denean. Irudiaren protagonista diren amaren eta semearen parean, hamabi bat argazkilari, tour turistiko bateko parte hartzaile direnak, kamera eskuetan dutela, klik eginez. Zirku bat datorkit burura, tximinoa karparen erdigunera irteten den unearen antzekoa.

Tristura sentitu dut; neure buruari galdetzen diot, askotan, zertarako erabiltzen den argazkilaritza. Ez, niretzat, ofizio honetan ez du denak balio; arauak daude, edo egon beharko lukete. Pertsona edo talde batek moral eta etika printzipioak eduki beharko lituzke, eta beti errespetuz jokatu. Sariaren irabazle izan den argazkilaria gezurretan ere harrapatu dute, bigarren irudia argitaratu denean. Hark dioenez, ama eta semea bidean topatu omen zituen, kasualitatez, bere bakarkako abentura bidaian.

Nik beti erabili izan dut argazkilaritza, beraien istorioa kontatu nahi izan duten pertsonei ahotsa emateko, edo horretan saiatzen naiz, behintzat. Hori da nire lanaren polita. Horrek betetzen nau gehien: argazkietan irudikatu ditudan pertsonen eta nire artean sortzen den laguntasun berezi horrek, elkarlanean aritu ondoren.

Aurretik aipatu dugun kasu konkretu horretan, ordea, ez da istorio bat kontatzen; ez dakigu ezer emakumearen bizitzari buruz, ez dakigu zenbat diruren truke eta zergatik jartzen den kameren aurrean. Argazkilarien helburua beste bat izan da: erretratu on bat eskuratu eta alde egin, zorte pixka batekin, sariren bat lortuko dutenaren esperantzaz.

Agian, sari nagusiak bigarren argazkiarentzat beharko luke izan, non turista multzo bat ikusten den, emakume berberari argazkiak ateratzen. Irudi horrekin, gutxienez, ikasiko genuke nola mugitzen diren argazkilari asko, argazki on bat lortzearren. Askoz ere errazagoa da argazki-tour bat ordaintzea, bakoitzak bere kabuz argazki eta istorio on bat bilatzea baino. Asko arriskatzea da, agian ez duzu argazkirik lortuko, agian ez duzu saririk irabaziko.

Zer ote da garrantzitsuagoa, argazkia bera edo atzean duen istorioa?

Eta, irudia lortzeko jarraitu dugun bidea ?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!