Erakusketa aretoa antzoki bihurtuta

Imanol Garcia Landa 2019ko api. 15a, 11:25

Topic zentroan aldizkako erakusketa berri bat ikusgai dago: Speeltheater Holland Studioren 'Espazioak eta istorioak'. Saskia Janse eta Onny Huisink sortzaileek osatu dute erakusketa, beren ibilbide oparoaren berri emanez, eta eszenografiari garrantzia berezia eskainiz.

Txotxongiloen erakusketa batean murgiltzea, beti beste mundu batera bidaiatzea bada, egun Topic zentroan dagoen aldizkako erakusketak behin ere baino gehiago gonbidatzen du bidaiatzera. Eszenak eta istorioak erakusketa aurretik izan direnekin alderatuta, «zeharo ezberdina» dela azaldu du Maria San Sebastian Topic museoaren eta dokumentazio zentroaren arduradunak: «Erakusketaren aretoa antzoki bihurtu dugu. Ezin zara zure kasa sartu, eta txotxongiloak ikusi. Mundu magiko batean sartzen zara, dekoratu batean, zeruan dagoen laino batean zaude, zutik, eserita edo etzanda, eta laino horretatik ikusiko dituzu aretoan gertatuko direnak». Speeltheater Holland Studio osatzen duten Saskia Janse eta Onny Huisink herbeheretarrek antolatu dute erakusketa. Ia 40 urtez Speeltheater Holland izeneko txotxongilo taldea izan zuten martxan, eta gaur egun ez dute emanaldirik egiten. Taldearen izenari Studio abizena gehituz, txotxongiloekin lotura duten beste hainbat proiektuetan daude murgilduta.

Erakusketa-laino horretan ikus daitezke, taldearen ikuskizunetatik seiren zatiak. «Txotxongiloen bitartez, bideoen bitartez, eta argiztapen eta soinu diseinu berezi baten bitartez jasotzen ditugu, sei obra horien zertzeladak», esan du San Sebastianek. «Ez dakigu zehazki nola definitu. Erakusketa bat da, baina, azkenean, bere horretan hamabost minutuko ikuskizun txiki bat bilakatu dugu».

Erakusketa gelan sartzerakoan, oinetakoak kendu behar dira eta, hori egin nahi ez duenari, estalki batzuk emango dizkiote. Hamabost minutuko emanaldian, taldearen sei obra horiek ikus daitezke, bakoitza tarte batez, eta dagozkion txotxongiloak ikusi ahal dira, argiztatuta. «Beraiek egin dute ikuskizun horien aukeraketa, eta badute gai bat komunean: protagonistak zeruan edo beste mundu batean daudela», esan du San Sebastianek: «Hodei baten gainean gaude, eta hodei horretatik ikusten den guztia zeruan edo beste mundu batean dago. Izan daitezke txoriak, aingeruak, hilda dauden pertsonak, saguzarrak…». Ikuskizunak urte ezberdinetakoak dira, eta istorioek ez dute, berez, zerikusirik, beraien artean, ezta ekoizpen plastikoaren aldetik ere.

Baina, Espazioak eta istorioak ez da mugatzen aldizkako erakusketaren ohiko gelara. Jansek eta Huisinkek proposatutako erakusketak lehen solairuan jarraitzen du, Anbigu izeneko espazioan. «Nolabait esateko, era normal batean jarraitzen du», esan du San Sebastianek: «Leku bat eskaini diegu bertan, taldearen historia erakuts dezaten, zenbait txotxongilorekin, bideo batekin, argazkiekin eta posterrekin». Hain justu, hormetan argazkiak daude, apaletan txotxongiloak eta taldearen obren kartelekin egindako alfonbra moduko batek estaltzen du lurra. Anbigura iristeko korridorean Amerika America izeneko ikuskizun bereziko txotxongiloak daude ikusgai. «Garrantzi handia eman diogu, beraiek hala nahi zutelako. Txotxongiloak oso bereziak dira, gure tamainakoak direlako, eta inpresio handia ematen dute». Horietatik bi txotxongilo kalean jartzen dituzte, zentroa irekitzen dutenean, Topic-en sarreraren ondoan. Hasieran, urrundik ikusita, benetako bi pertsona ematen dute. «Egia esan, konpainia hau etorri da, eta Topic osoa hartu dute», esan du San Sebastianek: «Beraz, bi berezitasun ditu erakusketak, eraikin osoa hartu dutelako eta erakusketa aretoa antzoki bihurtu dutelako».

Erakusketa, Txotxongiloen Nazioarteko Egunean inauguratu ostean, irailaren 15era bitarte egongo da zabalik. Normalean, astelehenetan museoa itxita egoten da, baina, Aste Santuko eta Pazko asteko astelehenetan irekita egongo da. Dagoeneko jaso dituzte erakusketaren inguruko zenbait iritzi, San Sebastianek azaldu duenez: «Jendeari asko gustatzen ari zaio oinetakorik gabe erakusketa aretoan sartzearena, eta artilearekin osatutako alfonbra moduko hori zapaltzearena. Oso goxoa da, egia esan. Hemen ez gaude hain ohituta kontu horrekin, baina, beste leku batzuetan, nahiko normala omen da».

Harreman iraunkorra

Topic-ek bi sortzaileekin duen harremana aspalditik dator. «Ustekabean hasi zen, beraiek jarri baitziren kontaktuan gurekin», azaldu du San Sebastianek: «Erretiroa hartu behar zuten, baina ez zituzten beren txotxongiloak ganbaran gorde nahi; bizirik jarraitzea nahi zuten. Ikerketa bat egin zuten, munduan zehar, txotxongilo museoen inguruan, eta Topic bisitatzera etorri ziren. Eta, erabaki zuten, Topic-i beren ikuskizun bateko txotxongiloak dohaintzan ematea. Erakusketa gelaren barruan ikus daitezke txotxongilo horiek».

Harrez geroztik kontaktuan jarraitu zuten, eta, Topic-ekoei azaldu zieten, hainbat txotxongilo banatu zituztela, eta beste hainbat gorde: «Esan ziguten konpainia bezala ez zutela jarraitzen, erretiratu egin zirela, baina proiektuak egiten segi nahi zutela», esan du San Sebastianek. «Esku artean zuten proiektuetako bat txotxongilo batzuekin instalazio artistiko bat egitearena izan zen. Leku ezberdinak bilatzen ari zirela esan ziguten, txotxongilo batzuk kanpoan zintzilikatzeko, agerian. Leku horiek eguraldi baldintza ezberdinak izatea nahi zutela esan ziguten, eta Tolosa aukeratu zutela, besteak beste, euritsua zelako».

Topic-ekoei ondo iruditu zitzaien, eta Endekapenaren edertasuna izeneko proiektuan parte hartu zuen Tolosako zentroak. Ikuskizun bateko hiru txotxongilo jarri zituzten, hiru urtez bigarren solairuan, museoa dagoen solairu berean, beirate batetik ikus daitekeen eta kanpoan dagoen espazio batean, aire librean. Prozesu hori beste leku batzuetan ere egin zuten, eta bideo eta argazki bitartez dokumentatu egin zuten. «Proiektuak martxan jarraitzen du, oraindik, zenbait lekutan eta, txotxongilo guztiak jasotzen dituztenean, bideo bat egingo dute eta erakusketa bat osatu», esan du San Sebastianek.

Horren ondoren, Topic-ek, 2016ko Donostiako Europako Kultura Hiriburutzaren barruan, Unimaren Nazioarteko Topaketa eta Jaialdia antolatu zituen. Jansek eta Huisinkek parte hartu zuten jaialdian, ikuskizun bat gidatuz: Red Earth Revisited. Anbiguan dauden bideoa, txotxongilo batzuk eta argazkietako bat obra horretakoak dira.

Topic-en eta sortzaileen arteko harremanaren bidean, iritsi zen Tolosan erakusketa bat egin zezaten proposatzeko unea ere: «Esan genien zerbait ezberdina egitea gustatuko litzaigukeela, eszenografiari garrantzia ematea. Beraiek emozionatu egin ziren, hasi ziren gauzak pentsatzen eta, azkenean, gaur egun Topic-en ikus daitekeena da emaitza», azaldu du San Sebastianek.

Speeltheater Holland txotxongilo taldeak munduan zehar antzeztu zuen, eta arrakasta handia izan zuen, batez ere, Hegoafrikan eta Ameriketako Estatu Batuetan. «Beraiek esanda dakigu, ikuskizun batzuekin diru asko egin zutela», esan du San Sebastianek. «Zentzu horretan, nahi izan dituzten proiektuak egiteko aukera izan dute». Txotxongiloen mundua herrialdeen arabera ezberdina dela gaineratu du San Sebastianek. «Europa Mendebaldean, normalean, taldeak txikiak dira, eta ia dena diruz lagunduta dago. Europa Ekialdean egoera guztiz ezberdina da eta, are gehiago, Ameriketako Estatu Batuetan eta Asian. Talde horrek egin dituen ekoizpenak oso handiak izan dira, aurrekontu handikoak. Hemen bestelako ikuskizunetan egiten dira horrelako produkzioak, ballet emanaldi, opera edota antzerki obra baterako, baina aktoreekin… Txotxongilo ikuskizunetan, hemen, ez da horrelakorik ikusten».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!