Ehun bat kirolari bizikleta gainean

Imanol Garcia Landa 2019ko apirilaren 12a

Oriako Txirrindulari Eskolaren aurtengo aurkezpen ekitaldia egin berri dute, Tolosako Leidor aretoan. Ehun txirrindulari inguru aritzen dira bertan, atal guztiak kontuan hartuta. Errepideko eta pista txirrindularitzaz gain, ziklo krosean, mendiko bizikletan eta trialsinean aritzen dira. Azken atal horretan 30 kide inguru dira.

Limousin Oriako izenarekin lehiatzen da taldea, babeslearen izena hartuz. Maila nagusietako neskak Murias Limousin bezala lehiatzen dira, Euskadi Murias taldearekin egindako hitzarmenaren ondoren. Aitor Aiertza Oriako Txirrindulari Eskolako arduradunetako batek azaldu duenez, «Euskadi Murias taldekoak jarri ziren harremanetan gurekin, eta bertako neska batzuk eta gure beste batzuk elkartuz, akordio batera iritsi ginen. Guri ideia oso ondo iruditzen zaigu, nesken txirrindularitza bultzatzea dakarrelako. Nik uste dut bi aldeetatik oso gustura gaudela».

Orokorrean, emaitzei begira ez dira aritzen: «Eskola bat gara, eta emaitzak etortzen badira ondo, baina ez gara erotzen horrekin», esan du Aiertzak.

Leidor aretoko aurkezpenean Aitor Aiertzari berari omenaldia egin zioten eskolako kideek. «Ez nuen inondik inora espero. Urte mordoxka daramagu hemen, eta polita da horrelako omenaldi bat jasotzea. Oso hunkigarria izan zen», esan du Aiertzak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!