«Benetako oposizioa» egin duela dio EH Bilduk

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko api. 12a, 11:58

EH Bilduko zinegotziek, legealdia amaitzear den honetan, lau urteetan oposizioan egin duten lanaren berri eman dute. «Hasieran esan genuen moduan, oposizio eraikitzailea egin nahi genuen, eta hori da egin duguna. Benetako oposizioa dela sinesten dugu», azpimarratu zuen Ibai Iriartek.

Udalaren egunerokoan beren ekarpenak egiten aritu direla, «bai batzordeetan, zein bestelako foroetan», azaldu zuen. Eta, udal gobernuari zuzenduz, «beharrezkoa izan den guztietan, laguntzen» saiatu direla. Tolosarrei eta Tolosako Udalari begira, berriz, «argi» dute «onena» nahi dutela: «Eta hori horrela izateko, gure eskuetan egon den guztia egin dugu. Gure helburua tolosarren bizi baldintzak hobetzea izan da momentu oro, eta ez udal gobernuaren lana trabatzea; betiere, ikuspuntu aurrerakoi eta ezkerrekotik».

EH Bilduk proposamen errealak egin dituela azaldu zuen Iriartek, eta «asko eta asko, ondoren, udal gobernuak egin ditu». Esan zuten, «marketin etengabea» egin duela udal gobernuak, eta «kezkagarriagoa» suertatu zaie honakoa: «Ez zuten proiekturik Tolosarentzat. Aurreko legealdian egiten hasitakoaren jarraipena izan da: Coworking gunea, Elosegi parkea, Euskal Herria plazako hotela, alokairuzko etxebizitzak bultzatzea, Emakumearen Etxea edo Gune biziak programak. Guztiak lehendik zetozen egitasmoak dira», ekarri zuen gogora Iriartek.

«Inprobisazioz» kudeatzearen larritasuna azpimarratu nahi izan zuen Lore Agirrek: «Ez Tolosako Udala, ez beste erakunderik ezin da horrela kudeatu». Eta udalak egindako hainbat «hanka sartze» zerrendatu zituzten: «Lau urteetan zehar, aurrekontuak zer egin behar zen ondo zehaztu gabe onartu izan dira; Kafe frontoiaren kontzesioa noiz amaitzen zen jakinda ere, berandu ibili da udal gobernua, eta dagoeneko urtebete itxita darama; Hiribusaren kudeaketan berandu eta gaizki aritu dira; San Esteban auzoaren etorkizuna, bizilagunekin adostuz, aurreko legealdian definitu zen, eta urtez urte luzatzen aritu dira egoera, lehen egindakoa egiten hasteko; udalak turismo bulego berria egin behar zuela esan zuen, eta bueltaka dabiltza gaiarekin, baina proiektua definitu gabe dagoela aireratu zuten».

«Hauteskunde bezperetan» herrian obrak egiteari ekin badiote ere, lau urtez, besteak beste, Alde Zaharra «ahaztua» izan dutela, kiroldegiko azken fasea oraindik airean dagoela, Amarozko inbertsioak gauzatzeke daudela edota Olarraingo guneak degradatuta jarraitzen duela salatu zuten.

EH Bildurentzat, «iparrik eta noranzkorik gabe» ibili da udal gobernua, eta «ilusio eta anbizio gutxi» izan du: «Gure herriak duen txispa, sormena eta bizitasuna behar ditu udalak ere, eta, horretan, udalak abiadura galdu du; kudeaketa nahasi eta proiektu eta asmo ezaren erruz». EAJk Tolosa berriz ere martxan jarri duela esan izana «harriduraz eta kezkaz» entzun dutela adierazi zuten: «Tolosa tolosarrek egiten dute, eta gure herria bezain bizia diren gutxi daude. Tolosa ez da inoiz geldirik egon, ezta udala ere».

Bukatzeko, Agirrek, EH Bilduk aurkeztu berri duen zerrenda berriari egin zion erreferentzia, udal funtzionamendua ezagutzen lagunduko dietela aurreratuz: «Sekulako taldea da. Anitza, Tolosa bera bezalaxe. Esperientzia eta ilusio handikoa, udala dinamismoz eta txisparekin gidatzeko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!