Espainiako Txapelketa jokatuko dute Tolosako jubenilek

Imanol Garcia Landa 2019ko api. 11a, 19:59

Asteburuan Alacantera joango dira, eskubaloi jokalariak, lehen fasea jokatzera.

Tolosa Eskubaloi klubeko jubenil mutilek Espainiako Txapelketaren lehen fasea jokatuko dute, asteburu honetan. «Urtetan belaunaldi honek amestu duen txapelketara iristea lortu dute», esan du Jon Iraola entrenatzaileak. «Horretarako, aurten Euskal Liga txapelketan goran egon behar genuela bagenekien. Hasiera nahiko kaskarra izan genuen, baina pixkana joan ginen bizkortzen, hartu genuen dinamika ona, eta liga hirugarren bukatu genuen». Jubeniletan dagoen maila gorenena da Euskal Liga.

Hirugarren postuan bukatu ondoren, Euskadiko Txapelketa jokatu zuten Tolosakoek. Aurrena bi multzo egin ziren, bakoitza lau talderekin. Han aurrenak geratu ziren, eta, azkeneko fasea, orain bi asteburu jokatu dena, lau talderen artean jokatu zuten. Fase horretan bigarren geratu ziren, eta oso estua izan zen lehia. Usurbilen jokatu zuten asteburuan zehar, eta aurreneko partidan berdindu egin zuten, Zumaiako taldearen aurka, bigarrengoan galdu egin zuten, gol batengatik, Zarauzko taldearen aurka, eta hirugarrengoan Usurbil txapeldunei batengatik irabazi zieten partida. «Emaitzek erakusten dute, oso maila parekatua genuela lau taldeek», esan du Iraolak.

Hain justu, lau talde horiek Euskadi ordezkatuko dute Espainiako Txapelketan. Orokorrean Kataluniako taldeak nabarmendu ditu Iraolak: «Beste maila batean daude».

HIRU AURKARI GOGOR

Tolosakoek Alacanten jokatuko dute, Espainiako Txapelketaren lehen fasea, asteburuan, beste hiru talderen aurka. Lehenengoa bihar jokatuko dute, bertako Agustinos Alicante taldearen aurka. «Valentziako bigarrenak geratu dira. Joan den urtean Espainiako Txapelketako finalera iritsi ziren. Aurreko urteko batzuk senior mailara pasatuko ziren, baina badaude jokalari pare bat edo hiru sekulako kalitatea dutenak, eta aurten hor daudenak ere, eta ez da partida erraza izango», esan du Iraolak. Larunbatean La Roca talde kataluniarra izango dute aurrean. «Kataluniako hirugarren geratu ziren, eta oso talde indartsua da. Bideo batzuk ikusi ditugu, eta kilo askoko jokalariak dira. Oso zaila izango da irabaztea, baina gu konfiantzaz gaude, eta gauzak ondo egiten baditugu, dena posible izan daiteke». Eivissaren aurka jokatzen dute igandean. «Balearretako lehenengoak geratu dira. Ez ditugu ezagutzen, ez dugulako lortu informaziorik, eta ea zer tokatzen zaigun. Zaila izango da, baina ilusioarekin goaz eta hori da garrantzitsuena».

Guztira 32 talde izango dira, lehian, lehen fase horretan, lau taldeko zortzi multzotan banatuta. Multzo bakoitzeko irabazlea sailkatuko da, azken fasea jokatzeko. «Ea posible den lehen postu hori lortzea, gu behintzat saiatuko gara», esan du Iraolak. Jubenil taldeko entrenatzaileak garbi duena da, esperientzia berezia izango dela jokalarientzat. «Internetez ikusten zituzten partidak orain jokatu egingo dituzte. Azkenean, urte askoan lanean aritzearen ondorioa da txapelketa hau jokatzea».

Tolosa Eskubaloiko gazte mailetako talde batek izan zuen aukera, Espainiako Txapelketa jokatzeko. «2011-2012ko kadete taldeak lortu zuen sailkatzea, eta Galiziara joan ziren, partidak jokatzera. Ez zuten partidarik irabazi, baina oso ondo aritu ziren, parez pare jokatu zituzten neurketak eta, gerora, txapeldunorde izango zenaren aurka bi golengatik bakarrik galdu zuten. Talde horretako jokalariekin hitz egin dut egunotan eta, diote, betirako gordeta duten esperientzia bizitu zutela», azaldu du Iraolak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!