Gastronomiari, kulturari eta historiari gorazarre, Aste Santuan

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko api. 11a, 11:57

Larunbatean ospatuko dute ardo zuriaren azoka; kontzertu berezi bat, bisita gidatuak, erakusketak eta tailerrak ere izango dira.

Apirilaren 13a, 21. Korrikarako eta dantzarako ez ezik, Aste Santuko oporraldiko planen abiapuntua izango da, Tolosan. Hainbat egunetarako, egitarau zabala antolatu dute herritarrek. Larunbatean ekingo zaio egitarauari, III. Gure Ardo Txuri Txokoa azokarekin. Gure Txokoa elkarteak antolatuta, 11:30ean irekiko dute gunea.

Euskal Herriko nahiz Espainiko 11 upategik hartuko dute parte. Besteak beste, Nafarroako Castillo de Monjardin, Errioxako Marques de Caceres eta Luberri eta Getariako Hika, Hiruzta eta Mokoroa txakolinak. Gainera, 1990 eta Orbela tabernetako pintxoak dastatzeko aukera izango da, euro baten truke. Kopa batek, berriz, 5 euro balioko du, nahi adina ardo dastatzeko aukerarekin.

SANTA MARIARA ERE BISITAK

Aste Santuetako eskaintzari bihar ekingo dio Tolosako Musika Bandak. Zarzuelak ardatz hartuta, kontzertu berezia eskainiko du, Topic-en, bi sopranoren laguntzarekin: Elisa Di Prieto eta Klara Mendizabal.

Bestalde, Tolosako ondare historikoa ezagutarazi eta balioa emateko asmoz, bisita gidatuak antolatu dituzte. Aurrez egindako bisiten arrakasta ikusirik, Santa Maria elizak berriz zabalduko ditu ateak bisitarientzat. Lehen bisitak larunbat honetan izango dira eta, gero, ostegunetik igandera (10:00-18:00). Interesa dutenek, Tolosaldea Tour turismo bulegoan, 943 69 74 13 zenbakira deituz edota tour@tolosaldea.eus helbidera mezua bidaliz eman dezakete izena.

Azkenik, Topic-en ere eskaintza berezia izango da. Museoaren ordutegia luzatuko dute, eta hilaren 13tik 28ra bitarte egunero egongo da zabalik. Inauguratu berri duten erakusketaz gain, bisita gidatu antzeztuak eta tailerrak izango dira. 943 65 04 14ra deituz eman daiteke izena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!