Jada mugikorrarekin ordain daiteke TAO zerbitzua, Tolosan

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko api. 11a, 11:58

Parkimetroetako tramite guztiak egin daitezke, Mugipark aplikazioa erabiliz; zerbitzua doakoa da, baina aparkalekua kreditu txartelarekin ordaindu behar da.

Martxoa amaieraz geroztik, abian da, Tolosan, TAO aparkaleku guneetan ordainketak mugikorrarekin egiteko sistema. Udalak jakinarazi duenez, erabiltzaileek, TAO makinetan egiten diren eragiketa guztiak mugikorretik egin ahal izango dituzte, aurrerantzean. Tolosako Udaltzaingoak nabarmendu duenez, herritarrek eta bisitariek, «erosotasunean eta erraztasunean» irabaziko dute, edonon egonda ere, urrundik kudeatu baitaiteke zerbitzua, autora bertaratzeko beharrik izan gabe, mugikorrean bertan.

Mugipark aplikazioaren bitartez egin ahal izango dira tramite guztiak. Android eta IOS sistementzako dago erabilgarri, eta doakoa da, baina ordainketa kreditu txartelaren bitartez egin behar da. Honako urratsak jarraitu behar dira, zerbitzua erabiltzeko: aplikazioa deskargatu; kontua sortu, helbide elektronikoa eta pasahitza ezarriz; autoaren edo autoen matrikulak sartu; eta kontua kreditu txartel bati lotu.

Zerbitzu horri esker, parkimetroetako tramite guztiak egin daitezke: ordainketa makina erabili gabe egin; aparkatze denbora luzatu edota uneko beharretara egokitu; isunak kudeatu, eta froga-agiriak eskuratu. Ordainketa mugikorraren bitartez eginda, ez da kotxean ordainagiririk utzi beharko, TAO kudeatzaileak matrikularen bitartez egiaztatuko baitu ordainketa.

Bestalde, aplikazioak, aparkamenduaren berri ematen du, ordutegiari edota ordainketa luzatzeko aukerari buruz. Gainera, erabiltzaileak ordaindutako denbora osoa erabiltzen ez badu, sistemak dagokion zenbatekoa itzuliko dio; alegia, aparkatzearen denbora zehatza ordainduko da. Aplikazioan matrikula ezberdinak ere sar daitezke, ordainketak egin ahal izateko.

5ETIK 1EK, TXARTELAREKIN

Iaz, 524.600 tramite egin ziren TAO zerbitzuan; hilero, batezbeste, 45.000. Martxoan izan ziren gehien: 48.000. Abuztuan, berriz, gutxien: 33.000. Gero eta nabariagoa da, erabiltzaileek erosotasuna bilatzen dutela, eragiketa guztien %19,5 kreditu txartelarekin ordaindu baitzituzten, eta %80,5 esku dirutan. Zalantzaren bat duenak, zerbitzua kudeatzen duen Gertek enpresarekin jarri beharko du harremanetan, Rondilla kaleko bulegora joz, 943 67 08 52ra deituz, edo otatolosa@gerteksa.com helbidera mezua idatziz.

OROTARA, 5 TAO GUNE

Egun, 5 eremutan banatzen da Tolosako TAO zerbitzua, kolorez identifikatuta, eta ezaugarri ezberdinetako aparkalekuekin. Eremu gorrian, esaterako, bertakoek soilik dute ibilgailua uzteko aukera. Berdean, berriz, egun erdiz edo egun osoz utz daiteke. Urdinean, marroian eta zurian, hurrenez hurren, gehienez 4 orduz, 2 orduz eta 20 minutuz egon daiteke ibilgailua. Eremu berdeko eta urdineko zerbitzua doakoa da, baina soilik bertako txartela dutenentzat. Azkenik, zamalanen gunea dago, horiei dagokien ordutegitik kanpo, TAO eremua bihurtzen dena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!