Antzinako yoga teknika irakatsiko dute kultur etxean

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko api. 10a, 19:57

Igande goizean, egiazko adimenaren yoga praktikatzeko aukera izango da kultur etxean. Estresa eta osasuna ditu hizpide, «hirugarren begia» ireki asmoz.

Indiar jatorria duen ikasbidea da yoga. Gizabanakoak osotasunarekin bat egitea du helburu. Elkartasuna adierazten du, baina, berez, sendagarri bezala erabiltzen zen, eta hori da Asier Larrakoetxea ermuar meditatzaileak ezagutarazi nahi duena. Antzinako teknika bat irakatsiko du: egiazko adimenaren yoga. Jainismoaren aurretik sortu zen, 11.000 urte baino gehiago baititu. «Erokeria bat da, hinduismoko testuen arabera, yoga duela 4.000 urte sortu baitzen. Baina, eraginkorragoa eta azkarragoa da, eta hori demostratuko dut. Edonork egin dezake, berdin du itxura fisikoak, adinak edota generoak, gogor saiatuz gero, lortzen baita».

Budismoaren arabera, 88.000 emozio baino gehiago ditugu. «Tibeteko doktrina hau soilik jende ahaltsuarentzat prestatuta dago». Asko idazten dela, baina inori ez zaiola interesgarri egiten dio. Orain, kontzeptu hauei buruz zerbait gehiago jakin daitekeela nabarmentzen du, «teknologia berrien garapenari esker». Txinan ikasi zuen berak, maisu batekin. «Bertan jakin nuen meditatzen aritzen direnetatik, soilik %0,8ak meditatzen duela. Meditatzen duzula uste duzu, erlaxatu eta hustu egiten zarelako, baina berez, tentsio handia duzu. Bestetik, teknika honen funtzioa hirugarren begi bat irekitzea dela ere ikasi nuen. Hasieran txorakeria bat zela uste nuen, baina harritu egin nintzen, behin eta berriz praktikatzeari esker, ondorio positiboak dituela ikusi nuelako. Errealitatearekin, hau da, unibertsoaren sortzailearekin konektatzearekin batera, mina joan egiten da, energiaren funtzionamendua ezagutzen hasten zarelako».

Igandeko saioak, aldaketaren lau zutabeak hartuko ditu ardatz: kontrolik eza, burubiderik eza, barkamena eta eskertza. «Askotan, paranoikoak garela diogu, baina foku negatibo hori alde batera utz dezakegu, adimena erabiliz». 10:00etan hasi eta 14:00ak bitarte luzatuko da saioa. «Deskantsurik gabeko saioa da, beharrik ere ez delako izango». Meditazio tarteak izango dira, esterarik gabekoak, eta, aldi berean, «harrigarriak» diren teknika sendagarriak ere irakatsiko ditu. «Emozioekin jolasean ariko gara». Gazteleraz izango da, eta aurrez, www.yogadelamenteverdadera.wordpress.com blogean izena ematea eskatzen dute, gehienez, 120 laguneko taldea izango baita.

Aurrez aipatutako aldaketa emateko, estresetik eta osasunetik joko du Larrakoetxeak. «Doktrina batzuentzat, pentsamendua zentzumen bat da, baina zer da estresa? Sentsazio irreal bat da, zure nerbio sistema aldaketa baterako prestatzen duena». Hori horrela bada, adimenak lanean aritu behar duela dio, aurre egiteko. Estresa eta gaixotasunak bat datozela azpimarratzen du. «Estatistika batzuen arabera, AEBtako heriotza gehienen lehen kausa bihotzekoak dira, eta bigarrena, minbizia. Gainera, gaixotasunen aurreko estres uneak, zelulei eragiten dietela erakutsi da. Hortaz, garrantzitsua da adimenari tentsioa ezabatzea erakustea».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!