Euskal armagintzari buruzko dokumentala ikusgai, gaur, Tolosan

Tolosaldeko Ataria 2019ko api. 10a, 11:57

Tolosako Antxon Bandres Bidaiarien Txokoan eskainiko dute 20:00etan 'Gerra hemen hasten da' dokumentala; jarraian, Joseba Sanz zuzendariarekin solasaldia izango da.

Saudi Arabia helmuga zuen lehergailuz betetako itsasontzi bat prestatzen laguntzeari uko egin zion Bilboko suhiltzaile batek duela bi urte. Keinu hartatik tiraka, Gerra hemen hasten da dokumentala egin dute, eta ikusgai izango da, gaur, 20:00etan, Antxon Bandres Bidaiariaren Txokoan.

Duela urtebete aurkeztu zuen proiektua Joseba Sanz zuzendariak Tolosan, eta urtebeteren ondoren dokumentala eskuetan duela bueltatu da.

Bilboko suhiltzaile hura abiapuntu hartuta sortu dute ikus-entzunezkoa : «Keinu sinboliko hartatik, Bilbon mugimendu batzuk sortzen hasi ziren armagintzaren eta portuan gertatzen zenaren aurka, eta horko talde batean sartu nintzen eta forma eman genion dokumentalari», azaldu du Sanzek. Orduan jakin ahal izan zuten hilabetero bidaltzen zituztela armak Bilboko portutik Saudi Arabiara, Yemengo gerran erabiltzeko.

Izenburuaren arabera, neurri batean gerra Euskal Herrian hasten dela azaldu Sanzek. «Mugimendu taldeen mobilizazioei esker, Bilboko portutik botatzea lortu genuen barku hori, eta Santanderrera joaten da zamaketak egitera; hala ere, Euskal Herri osoan armagintza industria oso handia da, ekonomiaren parte garrantzitsua da, tamalez».

Lanpostuetan eta ekonomian eragiten duen arren, Sanzek beste aspektu bati ere begiratzen dio: «Hori guztia gainditu eta alde etikoari begiratu beharko genioke, esportazio horrekin amaitzeko».

Dokumentalean, Yemengo kasuan zentratu dira gehien, nahiz eta helmugak gehiago izan. Yemenen dagoen armen errealitatea ere jaso dute irudietan.

Ikusleari, ordea, Euskal Herrian zer-nolako armagintza ekoizpena dagoen jakinarazi nahi diote ikus-entzunezkoaren bidez. «Guk ere ez genekien atzean zer zegoen. Ongi Etorri Errefuxiatuak taldearen barneko komisio batean bildu ginen, eta hasieran ez genekien zenbaterainokoa zen; ikertu ostean ikusi dugu sekulako ekoizpena dagoela», argitu du zuzendariak. Gai horren inguruan gizartean hitz egin dadila nahi dute egileek.

Sanzek ez dauka formularik Euskal Herriko armagintza ekiditeko, baina, argi du Jaurlaritzak armagintza enpresei ematen dizkien diru laguntzekin amaitu egin behar dela. «Hortik etorri behar du lehen aldaketa».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!