Erbesteari buruzko saioak, Errepublikaren Eguna ospatu aurretik

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko api. 8a, 18:59

Gerra Zibila amaitu zela 80 urte betetzen direnean, hilaren 14an ospatuko den Errepublikaren Eguna dela eta, hitzaldi ugari antolatu dituzte, erbestearen zergatiak ezagutzeko.

Errepublikaren Aldeko Tolosako Elkarteak, Errepublikaren Egunaren baitan, ekitaldiak antolatu ditu aste honetarako, azken urteetan egin moduan. Aurtengoan, erbestea izango dute ardatz, 80 urte betetzen baitira Gerra Zibila amaitu zela. Urte haietan, jende ugari joan zen atzerrira bizitzera. «Bizia salbatzeko joan ziren, bestela hemen fusilatuak izango zirelako», dio Antton Karrera elkarteko kideak.

Erbesteak izandako eraginaz, utzitako ondorioez, eta batez ere, eskualdetik atzerrira joandakoez ariko dira, bihartik aurrera, GEXEL eta Hamaika Bide elkarteekin elkarlanean, eta Espainiako Gobernuko Memoria Historikoaren Zuzendaritza Nagusiaren babesarekin antolatutako saioetan. Kultur etxean izango dira, eta lehenik, erbestea zergatik gertatu zen azalduko dute, aurkezpen ekitaldian.

Ostegunean, Galo Diez borrokalariaren biloba den Alejandro Diezek, bere aitonaren pasarteak izango ditu hizpide. Horrez gain, Ana Maria Ruiz elkarteko kideak ere emango du hitzaldia. Bere ama Mexikon erbesteratuta zegoela jaio zen bera, eta bertan bizi izandakoak ekarriko ditu gogora. Azkenik, tolosar errepublikar baten eta deserrian bizi izan zen haren familiaren kontakizunak entzuteko aukera izango da. Ostiralean, migratzaileen politizazioaz, emakumeek errepublikan izandako tokiaz, eta gaur egungo erbesteaz ariko dira.

Igandean, bestalde, urtero bezala, kanposantuan bilduko dira errepublikarrak, fusilatuak izan zirenei lore eskaintza egiteko. Ondoren, Plaza Zaharrera joango dira, udaletxeko balkoia bandera errepublikarrarekin atontzeko. «Duela 80 urte, 400.000 lagun inguru geratu ziren hemen, Erorien Harana eraikitzera behartu, espetxetik igaro, eta gerora fusilatuak izateko. Erbesteratu eta euren bizia salbatu zutenak, 500.000 inguru izan ziren, eta 2.000.000 lagun baino gehiago egon ziren kontzentrazio esparruetan. Ez zaie interesatzen zenbait datu jakitea, eta informazioa zabaltzen da, baina berehala ezkutatzen dute. Guk, egia ezagutaraztea nahi dugu».

30eko hamarkadako lehen urteetan, askatasunera eta giza eskubideak lortzeko bidean, jendeak aurrerapauso handiak eman zituela diote elkarteko kideek. «1931an, Estatuko herritarren %48a analfabetoa zen, eta gerora etorri ziren garaipenak; besteak beste, hezkuntzako urratsak eta emakumeen boto eskubidea».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!