Adineko pertsonentzako eguneko arreta zerbitzua indartuko dute Tolosan

Irati Urdalleta 2019ko apirilaren 8a

Maiatzaren 6tik aurrera egongo da martxan zerbitzua. Uzturre egoitzan kokatuko da eta astelehenetik ostiralera egongo da irekita, 10:00etatik 13:00etara. Ostirala da izena emateko azken eguna.

2009az geroztik, mendekotasun egoeran edo arriskuan dauden adineko pertsonentzako Eguneko Arreta Zerbitzua eskaintzen dihardu udalak. Astean bi egunetan eskaintzen da zerbitzua, bakoitzean 3 orduz eta 12-16 pertsonako taldetan jarduerak gauzatuz. Orain arte, 48 pertsonek hartu dute parte zerbitzuan.

Maiatzaren 6tik aurrera, ordea, zerbitzua indartuko dute, helburuak mantenduz, eskaintza areagotuz eta Uzturre egoitzan kokatuz. Asteburuan izan ezik, egunero egongo da zabalik zentroa (10:00-13:00). Gainera, arretaz gain, jangela, adinekoen elkartea, ile apaindegia eta podologia zentroa ere jarriko dira erabiltzaileen eskura. Zerbitzu eraberrituan, orotariko informazioa eskainiko zaie, estimulazioa, erreabilitazioa edota trebetasunak, eta kultur jarduera ezberdinak garatzeko aukerarekin.

Parte hartu ahal izateko, erabiltzaileek 70 urte edo gehiago izan beharko dituzte eta mendekotasunaren arriskua edo mendekotasun arinaren egoeran egon beharko dute (MBB 0-39 puntu). Horrez gain, zerbitzuak eskaini ditzakeen baliabideetatik kanpo, intentsitate txikiko laguntzaren beharra izatea, eta taldean parte hartzea galarazten dion ezintasunik eta arretarik behar ez izatea eskatzen da.

GIZARTE ZERBITZUAK

Gizarte Zerbitzuen sailak ebatziko du pertsonen sarrera, ezaugarriak kontuan izanik. Gainera, irisgarritasun edo garraio arazoen kasuetan, udalak ezarriko ditu beharrezkoak diren baliabideak, oztopoak gainditzeko. Olatz Peon Ormazabal alkateak nabarmendu du, zerbitzu honek, adineko pertsonei, beren autonomia mailari eusten eta gizarteratzen lagunduko diela. «Beraien bizi kalitatea hobetzea lortuko dugu».

Pasa den astean zabaldu zen izen emateko aukera. Ostirala bitarte luzatuko da, maiatzaren 6an talde berria osatuta egoteko.

Interesa dutenek, sailarekin jarri behar dute harremanetan, Plaza Zaharreko bulegoetara joz, 943 697 460 telefono zenbakira deituz, edota gizartezerbitzuak@tolosa.eus helbide elektronikora mezua idatziz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!