Tolosako Udalak eta UEMAk errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina jarri dute abian

Irati Urdalleta 2019ko api. 8a, 11:57

Errentaren gaineko aitorpena egiterakoan, lehen urratsetik aukera dezakete herritarrek euskaraz egitea.

2018ko errenta aitorpena euskaraz egiteko deia egin du Tolosako Udalak eta UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak. Zergadunek hainbat bide dituzte errentaren gaineko aitorpena euskaraz egiteko, eta lehen pausotik erabaki dezakete horrela egitea. Herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izatea bultzatu nahi dute kanpaina honekin.

Gero eta gehiago dira errenta aitorpena euskaraz egitea aukeratzen dutenak. Tolosan, hain zuzen ere, 2017an, 2578k egin zuten euskaraz eta 7629 gazteleraz. 2008tik %146 egin du gora euskararen aldeko hautua egiten dutenen kopuruak, 1044 baitziren orduan.

Kanpainako datu nagusiak

  • Errenta autolikidazio proposamenak apirilaren 8tik uztailaren 1era onartu daitezke.
  • Gainerako errenta modalitateetan (mekanizatua eta Internet) eta ondarean epea apirilaren 15ean hasi eta uztailaren 1ean amaituko da.
  • Errenta aitorpen mekanizaturako hitzorduak apirilaren 12tik ekainaren 8ra eskatu daitezke. Autolikidazio proposamena onartu nahi ez dutenek, berriz, apirilaren 17ra arte itxaron beharko dute hitzordua eskatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!