Mugikortasunean Tolosan dauden beharrak aztertu ditu Haurren Hiria ekimenak

Irati Urdalleta 2019ko apirilaren 8a

Tolosako Laskorain, Samaniego eta Herrikide ikastetxeetako 43 haurrek osatu dute 2018-2019 ikasturteko Haurren Kontseilua. Tolosak mugikortasunean dituen hutsuneak aztertu dituzte, beraien esperientzian oinarrituta.

Haurren Hiria ekimenak mugikortasuna landu du aurtengo ikasturtean. Tolosako Laskorain Samaniego eta Herrikide ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 3. eta 6. maila arteko 43 haurrek osatu dute 2018-2019 ikasturteko Haurren Kontseilua.

Haurren Hiria politika publikoetan haurren parte hartzea sustatzen duen herri ekimena da eta urteko sei saioetatik lau egin dituzte dagoeneko. Haurrek, beraien esperientziak oinarri hartuta ondorioak atera eta hainbat neurri proposatu dituzte. Haurrek beraien desplazamenduetan dituzten arazo eta oztopoak identifikatu dituzte: bidegorriko markak ezabatuta egotea, espaloi estuak, zoru irregularrak...

Maiatzean amaituko dituzte saioak Mintzatxokoarekin eta Udalari urte osoko lanketen berri emango diote. Udala haurrek egindako proposamenak lantzen ari da Tolosa Badabil Mugikortasun Plana eratzeko prozesuaren bidez.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!