Eginez ikasiz

Tolosaldeko Ataria 2019ko api. 6a, 05:59

Lanbide Heziketak oinarriak eman eta aukerak zabaltzen ditu. Gainera, lanerako ateak irekitzen ditu, baita beste ikasketa batzuk egitekoa ere. Jakintza teknikoak ez ezik, bestelako gaitasunak ere lantzen dituzte eta, ikasitakoa praktikan jartzeko, duala egiteko aukera ere badute ikasleek.

Eginez ikastea. Horixe da Lanbide Heziketaren helburua eta horretarako egunero lanean dihardute. Hala ere, oraindik badira errezeloak eta uste okerrak. Horiek uxatzeko, Lanbide Heziketaren balioa agerian jartzeko eta erronkez hausnartzeko pintxo tertulia bat antolatu dute enpresetako kideak, ikasleak, ikasle ohiak, gurasoak, irakasleak eta herriko eragileak elkartuz.

Lanbide Heziketaren ikuspuntu propioa dauka bakoitzak, baina ados daude gauza batean: ikasteko balio duen jendea doa Lanbide Heziketara. Pello Uranga irakasleak dio, ikasleek askotan barneratuta daukatela, ez dutela balio ikasteko, baina aldatzen ari dela. «Denon ardura da hori aldatzea», dio Leider Gantxegi irakasleak.

Lanbide Heziketan ez dituzte gaitasun teknikoak bakarrik lortzen. «Ikasleek dituzten beste zenbait gaitasun garatzeko aukera ere badute», azaldu Garbiñe Maiza enpresariak. Izan ere, komunikatzen nahiz arazoak konpontzen irakasten dietela dio. «Ondokoarekin lan egiten ikasi behar duzu», gaineratu du Izaskun Jauregi gurasoak.

Orain, kasu askotan, Lanbide Heziketa ez da helmuga, zubi bat baizik: «Lehen, unibertsitatea edo Lanbide Heziketa aukeratu behar zen. Orain, berriz, bide bat ere bada, unibertsitatera joateko», dio Patxi Gonzalez enpresariak.

Lanbide Heziketa ikasi izanak ez du mugarik jartzen enpresan. Are gehiago, aukerak zabaltzen ditu eta lanerako baldintza onak lortzen dira. «Gertatzen ari dena da, goi mailako zikloa ikasi duten ikasleek lana dutela, eta unibertsitate ikasketak dituztenek ez», dio Itziar Rezola ikasle ohiak.

Eredu duala da Lanbide Heziketan dagoen beste aukera bat: ikasleek ordu batzuk ikastetxean igarotzen dituzte ikasten eta, beste ordu batzuk, ikasitakoa enpresetan praktikatzen. «Lanbide Heziketak etorkizun ona du, eta duala bultzatu behar da», dio Itziar Larrañaga enpresariak.

Goi mailako ikasketak

Aldatzeko gauzak egon arren, norabide egokian doazela ondorioztatu dute. Gaur egun, ezin dira bereizi ikasle onak eta txarrak, gaitasun mota asko daudelako. Motibazioak eman behar zaizkie, ikasketa prozesu bat baita. «Lanbide Heziketak aukera eta ikuspegiak zabaltzen ditu, eta zailtasunak dituzten ikasleei ere ateak irekitzen dizkie», diote tertuliaren antolatzaileek. Gainera, sistema eta hezkuntza aldatzen ari diren heinean, Lanbide Heziketan ere metodologia berriak sartzen ari dira: «Jakintza teknikoak emateaz gain, pentsatzeko estrategiak ere aktibatzen zaizkie».

Lanbide Heziketa helmuga izan daitekeela diote, baina baita beste ikasketa batzuen osagarria ere, eta hainbat abantaila ikusten dizkiote: «Ziklo bat ez da hain luzea, praktikoagoa da, gertuagokoa, lanerako baldintza onak lortzen dira...». Enpresen eta gizartearen eskakizunetara egokitu behar dutela, eta horretan ari direla gaineratu dute. Duala, berriz, «iraultza» bezala definitu dute.

«Lanbide Heziketak etorkizuna du», diote. Tolosaldean dagoen eskaintza plazaratzeko hurrengo hitzordua, gaur eta bihar izango da, Lanbide Heziketako azokan.

GAUR

Apirilak 6, larunbata

10:00-14:00. Tolosaldeko Lanbide Heziketa ikasketa eskaintzen zuzeneko azalpenak jaso eta ikusteko aukera Tolosako Trianguloa plazan.

IKASTETXEAK

Inmakulada Tolosako Lanbide Ikastola, Fraisoro Eskola, Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutua, Peñaskal Kooperatiba eta Don Bosco.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!